Bestak 2023

Giro ederrean iragan dira Anizko bestak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 3a, 09:30

Aurtengo Anizko bestek berezitasunik izan badute, beroa eta otorduetan bildu den jende kopurua izan da: ortziralean zopetan, eta igandean zikiroan, aspaldiko urteetan izan zen jendeketarik handiena izan baita.  Eguzkia lagun (edo etsai), egin dira ekitaldi guztiak: ortzirale goizean ezkila jotzetik hasi, eta igandean gaixoa ni artio.

Testua eta argazkiak: Maitane Maritorena

Ortziralean goiz eta arratsalde, haur-gazte eta heldu, denak nahaste aritu ziren jostetan: frontenisean, herri kiroletan, krosean...jostetan ez ezik, jokoan ere bai: frontenis txapelketan Izar eta Iñaki izan ziren irabazle, herri kiroletan ordea, epailerik gabe, nahikoa lan izan zuten irabazlea nor zen erabakitzen. 

Larunbatean kirola beharrean, paella eta musa izan ziren lehiako motibo. Bortz talde desberdinetan partiturik bazkariko paellak prestatu zituzten haur eta helduek. Bazkaltiarrendako paellarik onena Sustraik, Aitzolek, Julenek eta Aitorrek prestatutakoa izan zen, beraiek izan ziren kozineroen zapel zuria eta zurezko tenedorea irabazi zutenak.  Bazkalondoan, mus txapelketa izan zen, hontakoan,  berriz, Izaskunek eta Iratxek irabazi zituzten Baztango zaporeak-eko loteak. Asierrek eta Aitorrek bigarren saria lortu zuten. Larunbat iluntzean, ezusteko polita izan zen, gaugiro ezin hobearekin su artifizialak izan baitziren Anizko zerua koloreztatzen.

Igandean, zikiro jate ondotik, urtero bezala bingoa izan zen. Aurten gainera, bingoko arduradunek parodia gisako bat egin zuten, herritar bati omenaldi xumea egiteko asmoz.  Gure koxko biltzaile onenari, Unai Iantziri, aipamen berezia egin zioten. Irri eta irri artean, kantatzeko tenorea ailegatu zitzaien bertaratutakoei. Zikiro jatean ziren gehienek parte hartu baitzuten karaokean. Sei taldetan partiturik, bozik hoberena nork zuen erakutsi nahian aritu ziren denak. Irabazleak parte hartzaile guztiak izan baziren ere, zilarrezko domina talde bakarrak irabazi zuen publikoaren txaloak neurgarri gisa erabiliz.

Karaokearen ondotik Hauspolariek taldearekin dantzaldia izan zen, suaren inguruaren  kantaldia eta, akitzeko herriari itzulia.  Heldu den urtera artio agurtu zituzten aniztarrek bestak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun