ANA IRUNGARAI JUBERA

«Etorkizun polita ikusten diot Azpilkuetari»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 1a, 09:00

«Azpilkuetan sortu eta bizi den familia gazte bateko ama» da Ana IRUNGARAI JUBERA, eta bere herriko alkatetza hartu du berriki, Juan Andres Azkarraga senarrari lekukoa hartuz hurrengo bi urteetarako.

Zer dela eta kargu aldaketa? 

Urte hasieran Juan Andresek hartu zuen alkatetza, baina lanean aldaketa batzuk izan ondotik, etxekoa eta lana aitzinera eramateko errazago zitzaigun kargua nik hartzea. Herriko batzarrean egoera azaldu eta azpilkuetarrek baietza erranda, aitzinerat egin genuen.

Hala ere, alkatetzarekin lagunduko dizu? 

Bai, dudarik gabe, elkarlanean ari gara. Martxa jada hartua zuenez, orain bidean biok gabiltza.

Zein dira zure ardurak alkate gisa?

Udaleko mezuak herrian zabaltzea eta herritarren beharrak udalera eramatea, behar hauei erantzun ahal izateko. Horrez gain, herriko besta egunak (sanferminak, Egun Ttun-Ttun…) lan taldean antolatzen ditugu, eta hondar hilabete hauetan NPB edo PACerako herri lurren esleipena antolatzeko udalean egiten diren bileretan parte hartzen dugu. Kontua da herri bezala ez dugula hainbertzeko indarrik, udalaren esku baitago gehiena.

Erraza da aurpegia ematea?

Egoera batzuetan aurpegia ematea zaila izaten ahal da, hala ere, lan taldea zurekin egoteak aunitz errazten ditu gauzak.

Nor dituzu kargudun?

Juan Andresen alkate lagun berekin segitzen dut; herriko auzoetako ordezkariak gaude. Hala ere, alkate lagunez gain, talde zabala dugu, hurbilekoek aunitz laguntzen digute eta baita herritarrek ere.

Nola antolatzen dituzue lanak?

Ez dugu bilerak egiteko egun edo epe zehatzik izaten, herrian agertzen diren beharren arabera edo zerbait suertatu bezala biltzen gara. Orokorrean lanak denon artean ateratzen ditugu aitzinerat, eta denok dugu denon berri. Hala ere, alkate lagunetako bi uren komisionatuak dira, eta hauek eramaten dute uren kudeaketa. Alkate nagusiez gain, damunausiak (danbolin nagusiak) ditugu, herriko bestak eta inauteriak antolatzeaz arduratzen direnak.

Egunerokoan lan haundia suposatzen dizu?

Ez da eguneroko lana, ez baitugu egunero alkatetzarekin lotutako lanik izanen, baina segimendua behar du; udalarekin komunikazioa etengabea da eta horrek lotura bat eskatzen du. Herriaren aldetik ere edozein momentutan ailegatu daiteke beharren bat.

Azken agintaldian alkateek arazoak izan zituzten Erdizko meategiaren aferarekin. Horrek ez zaitu beldurtu?

Nekazari etxetik heldu naizenez eta orain ere inguruan nekazari aunitz ditudanez, badaude onartu ezin ditugun gauza batzuk. Nekazaritzak segitu ahal izateko, beharrezkoa da horrelako parajeak zaintzea.

Azpilkuetari dagokionez, zein hobekuntza egin dira azken urteetan?

Hondar urteetan lan dezente egin dira herrian: saneamendua egin zen, komun publikoak egin ziren, eskolan jangela paratu zen martxan eta Apaioko lixutegia zaharberritu zen. Gainera, herriko bide batzuk moldatzen hasi ziren.

Eta zein behar ikusten dituzue?

Hobekuntzak egin badira ere, hauetan segitu beharra dago. Saneamendua herrian eta Zuaztoiko zati batean egin baitzen, Apaioa, Urrasun eta Arribiltoa auzoak kanpo gelditu ziren, baita Zuaztoiko etxe batzuk ere. Uren kudeaketan ere hobekuntzak behar dira. Bideei dagokienez, aspaldi egin gabe daudenak akitu behar dira; Azpilkueta, biztanle guti izanik ere, lurrez arras zabala da eta etxe eta baserri aunitzetako bideak moldatzea beharrezkoa da. Aurten honetan zentratu gara, bide eta pisten garbiketa eta moldaketetan.

Nola ikusten duzu Azpilkuetako etorkizuna?

Etorkizun polita ikusten dut, herriaren aldeko apustua egin genuen aunitzek eta hori nabarmena da eskolan. Momentu honetan 26 ikasle daude, eta orain dela 15 urte pentsaezina zen hau. Horrek bizitasuna eta alaitasuna ematen dio herriari. Garrantzitsua da oraingo gazteak ere herrietan gelditzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun