MIKEL HUALDE ARRIADA

«Erretratuak egitea gustatzen zait gehien»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 30a, 09:30

Kirola egitea eta argazkilaritza maite dituen elizondoarra da Mikel HUALDE ARRIADA, eta bi zaletasunen inguruan solastatu da TTIPI-TTAPArekin

Nola definituko zinateke?

Gustatzen zait kanpotik erraten didatela lasaia eta hurbila naizela. Baztango gaiak eta arazoak interesatzen zaizkit. 

Zein dira zure zaletasunak? 

Kirola egitea eta argazkilaritza. 

Noiz hasi zinen ziklismoarekin? 

Betidanik egin dut kirola. Ttikitan eskubaloian hasi nintzen, eta gero nire kabuz lasterka. Gauza batek bertzea ekartzen du eta mendira joatea gustuko harrapatu nuen. Mantsoxeago hasi nintzen mendiko eta errepideko bizikletarekin.

Bizikletan ibiltzeko ingururik gustukoena? 

Baztan-Bidasoa. Mendiko bizikletan ibiltzeko paradisua da. Gustatzen zait oporretan joatean bizikletan ibiltzea itsasoa ikusi bitartean eta pare bat aldiz ibili naiz Bardean eta zoragarria iruditzen zait. 

Zenbatero ateratzen zara bizikletarekin?

Ez naiz sobera ibiltzen, astean pare bat aldiz aterata franko poliki da. Garai batean gehiago ibiltzen ginen. 

Noiz hasi zinen argazkiak egiten? 

Ondikol nire kuadrillakoa da, eta 20 urte nituela edo erakutsi zidan nola erabili kamara. Tartean bolada batez utzi nuen eta garai digitala hastean berriz ere hurbildu nintzen. 

Zein argazki estilo gustuko duzu gehien egiteko?

Dudarik gabe erretratua. Baina, gutien egiten dudana da. Erretratuak egiteko harreman estuak sortu behar dituzu eta ni lotsatia naiz eta kostatzen zait. Kirol argazkiak egitea ere gustatzen zait, baita jendea lanean ari denean ere. Baina ez betiko lanena, ezkutukoena baizik.

Zaila da kirol ekitaldietan argazkiak ateratzea? 

Erraza ez da. Gustatzen zait flashak  eramatea, eta hori traba izaten da kirolariendako. Bertze zailtasunak ere badaude: baimena eskatu behar da, ibilbidea ikusi behar da argazkiak egiteko puntu onena zein den jakiteko, egunean gauza guztiak garraiatu… Zailtasun haundia harrapatzen dut nik bakarrik joaten naizela eta fokatzea egitean, edo argia neurtzean zailagoa izaten dela.

Zer ez da falta zure argazki ekipoan? 

Kirol probetara ekipo osoa eramaten dut. Egunerokoan kamara ttiki bat ateratzen dut eta gustatzen zait zerbait bitxia ikustean argazkia ateratzea.

Zure asmoak epe motzera? 

Kirolean eta argazkilaritzan gozatzea. Pozik egonen naiz erretratuak egiten hasiz gero.

Eta epe luzera?

Bide honetan segituta kontent. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun