Goi mailako gaitasunei buruzko solasaldia eta ipuin kontaketa heldu den astean Baztango liburutegian

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 29a, 19:00

Honez gain, komiki eta poesia irakurle taldeetan izena emateko epea ireki dute

Baztango Liburutegi Publikoa ekimenez betea dator udazken honetan; solasaldiak, tailerrak, jokoak, irakurle taldeak… eta lehenbiziko ekitaldia heldu den asteartean izanen da, urriaren 3an 18:00etan. Goi mailako gaitasunak dituzten pertsonei buruzko solasaldia izanen da, haien ezaugarri eta premiei buruzkoa eta bereziki umeena, mitoak eta estereotipoak baztertzeko. Amaia Agiriano Arresek izanen da hizlaria, psikologoa eta goi-mailako gaitasun intelektualetan espezializatutako irakaslea.

Asteazkenean ere izanen da zer egin, 4-10 urte bitarteko haurrendako ipuin kontalaria izanen baita 17:00etan. Honetarako izena eman beharko da 948 581 204 telefonoan, eta urriaren 3a izanen da azken eguna. Haurrak gurasorik gabe egonen dira kontaketan.

Irakurle taldeak

Ikasturte honetan ere martxan paratuko dute helduendako komikien irakurle taldea, joan den urtekoari segida emanez. Hilabeteko hirugarren ortzegunetan bilduko dira liburutegian 19:00etan eta izena emateko epea zabalik da. Gainera, aurten gaztelaniazko 'Poesia acorazonada' irakurle taldea sortuko dute, Kontxi Alvarezek gidatuko duena. Lehenbiziko saioa urriaren 10ean, asteartea, 18:30ean izanen da eta plaza mugatuak izanen dituenez, izena eman beharko da 948 581 204 telefonoan edo biblibaz@navarra.es helbidean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun