MAITE GOIZUETA IABEN

«Aitatxiren bila joan eta hamar baztandarren berri izan dut Ellis Islanden»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 7a, 08:00

Maite Goizueta Iaben, bere aitatxi Miguel Yabenek Estatu Batuetan ateratako erretratoa eskuetan duela.

Maite GOIZUETA IABEN, Baztandik Ameriketara aitatxiren arrastoen bila

Miguel Yaben aitatxiren arrastoaren bila New Yorkeko Ellis Islandera ailegatu eta han ezagutu duenarekin hunkiturik bueltatu da Arizkunen sortutako emakumea, 121 urte beranduago

Arizkunen sortutako Maite Goizueta Iabenek apirilean egin zuen Euskal Herritik Ameriketako Estatu Batuetara bidaia, Azpilkuetan sortutako bere aitatxi Miguel Yaben Elizondoren gibeletik. Deus guti zekien bere aitatxiari buruz, gazte zela hil baitzen, 1940an.

AEBn bizi den Begoña Pecharroman Ferrer lagunak eman zion New York hirian, Askatasunaren Estatua famatuaren ondoan dagoen Ellis Island uhartearen berri. Eta han dagoen museoan topatutakoarekin hunkiturik eta emozionaturik bueltatu da Maite Goizueta. Horregatik, «normalean eskertzak bukaerarako uzten badira ere, hasiera-hasieratik eskerrak eman nahi dizkiot Begoña Pecharroman antropologa eta lagun handiari, bera izan baita honetara bultzatu nauena».

«Nolabait aitatxi berriz etxeratu dugu, familian da berriro»

Izan ere, Ellis Islandeko museoan jakin du Miguel Yaben 1902an ailegatu zela Ameriketara Frantziako Le Havre portuan Compagnie General Transatlantique konpainiako  ‘La Champagne’ itsasontzia hartu eta urriaren 25ean iritsi zen Ellis Islandera, San Frantzisko helmuga zuela, bertan artzain aritzeko. Maite Goizueta bilobak dioenez, «121 urte geroago gure aitatxi zenaren bila joan naiz eta etxeratu eta familian da berriro. Guk bagenekien aitatxi Ameriketan izan zela artzain, baina ez genekien noiz joan zen, nola joan zen, nora… eta harrigarria bada ere, horren guztiaren berri ikasi dut orain, 121 urte beranduago, non eta Ellis Islanden. Oraindik emozionaturik nago».

Maite Goizueta Ellis Islandeko 'aduana'. Bere aitatxi 102 urte lehenago bertan izan zela jakiteak hunkitu du.

 

Hamar baztandar transatlantiko berean

Baina Miguel Yaben ez zen bakarrik joan. Europatik Ameriketarako ametsa bete nahi zuten Europako ehunka etorkinen artean, Baztandik bertze bederatzi lagun ere joan ziren trasatlantiko berean, List or manifest of alien immigrants for the Commissioner of Immigration zerrendan ageri denez: Gartzaingo Angel Irigoyen, Azpilkuetako Martin Gortari, Arizkungo Martin Sanzberro, Jose Arriada eta Alejandro Iparrea, Erratzuko Jose Elorga eta Miguel Yaben bera bezala, Amaiurretik (Villa de Maya ageri da Ellis Islandeko agirian) joandako Pedro Goyeneche, Manuel Irungaray eta Domingo Yaben. Guztiak 18 eta 21 urte arteko gazte ezkongabeak ziren, Guztiek San Frantzisko zuten helmuga, batek izan ezik. Alejandro Iparrea arizkundarrak Fresnora (Kalifornia) joan behar baitzuen. Denek, batek izan ezik, irakurtzen eta idazten bazekiten. Denei ‘Nacionality’ atalean Spanish agertzen zaie baina bertze atal batean, ‘Group’ delakoan, Bask. Dena bildua da aipatutako agiri horretan. Maite Goizuetak dioen bezala, «baten bila joan eta hamarrekin etorri naiz!».

Ellis Islandeko agirian ageri dira hamar baztandarren datuak.

«Pasaportean 'Spanish' baina taldean 'Bask' zirela ageri da»

Ideia bat egiteko, baztandar hauek ailegatu zirenean Geronimo, apatxeen buruzagi handia bizi zen oraindik, eta gerora, mafiarengatik ezagun egin zen Vito Corleone, urtebete lehenago ailegatu zen Italiatik leku berera.

Informazio hau guztia Ellis Islanden dagoen museoan topatu du Maite Goizuetak, «gizateriaren historian migraziorik handienaren berri jasotzen duen museoan. Egunero 3.000-5.000 lagun iristen ziren Ellis Islandera, guztira 12 milioi iritsi ziren, baina 65 milioi lagunen datuak dituzte jasota, denak digitalizatuta. Gehienak Europatik joan ziren, baina mundu osoko milioika jende, uharte horretatik pasatu dira. Hura ikusten duzunean horrek zer dimentsio duen ohartzen zara. Kontuan hartu behar da itsasontzietako hirugarren klaseko bidaiariak bakarrik jaisten zirela Ellis Islanden. Lehen klasekoak ere baziren, noski, baina horiek zuzenean New Yorken jaisten ziren, arazorik gabe. Jende aberatsa zen, diruduna… ez zuten hortik pasatzeko beharrik.  Hori azpimarratu egiten dute, hirugarren mailako bidaiariei zuzendutako museoa da. Klaseak beti esistitu dira».

Miguel YabeniAEBn ateratako argazkia.

Gaur egun, AEBn bizi diren ehunen bat milioi biztanle Ellis Island uhartetik igaro ziren etorkinen ondorengoak direla kalkulatu dute. «Bertatik pasa ziren Albert Einstein, Walt Disney, Charles Chaplin, Johny Weissmuller, Bob Hope, Vito Corleone, Frida Kahlo, gerora AEBko presidente izan ziren Theodore Roosevelt eta Herbert Hoover, Sigmund Freud, Isaac Asimov, Houdini magoa… edo Bruce Springsteen abeslariaren arbasoak eta bertze hainbat». 

Itxaropenaren uhartea eta, aldi berean, malkoen uhartea

Historia honetako hamar baztandarrek bezala, Ellis Islanden lurra hartzen zuten etorkin guztiek lehen-lehenik osasun azterketa gainditu behar izan zuten. Gainditzen ez zutenendako ospitalea bazen bertan. Eta gero, azterketa administratiboa gainditu behar zuten, 34 galderei erantzunez: izen-abizenak, adina, nazionalitatea, lanbidea, ezkondua ala ezkongabea zen, dirua bazeraman edo ez (guttieneko diru-kopuru bat, 25 dolar eramatea nahitaezkoa zen), irakurtzen-idazten ba ote zekien, norat zihoan, poligamoa, komunista, anarkista edo espetxean inoiz egona ote zen, bidaia norberak ordaindua edo norbaitek ordaindua zen, edo lan-kontraturik ba ote zuen… Maite Goizuetak dioenez, «harrigarria badirudi ere, 1885ean AEBko kongresuak onartutako lege baten arabera, lan-kontraturik gabe joan behar zen. Bazenuela erranez gero, deportatu egiten zuten. Arrazoia: ez zuten onartzen bertakoei lanpostuak kentzea». Galdera guztiei “ongi” erantzunez gero AEBn sartzeko baimena jasoko zuen etorkinak, liburuxka batekin batera, Eskubideak eta Betebeharrak zeintzun ziren jakin zezan. Kontrakoa gertatzen bazen, hau da, galdetegia gainditzen ez bazuen, etorkina atxilotu egiten zuten eta ikerketa abiatzen zuten. % 2ak (250.000 lagun inguru) ez zuen lortu sartzea eta deportatu egin zuten. 3.000 etorkin inguruk bere burua hil zuten, deportatuak izanen zirela jakin zutenean. «Itsasontzi Konpainiek eta AEBko gobernuak hitzarmena bazuten, deportatuak, "balio ez zutenak", bere abiapuntura itzultzeko adostua zuten. Horregatik, itsasontzietako arduradunak ziren AEBra joateko lehenengo filtroa egiten zutenak». Honengatik guztiagatik, Island of hope, island of tears (Itxaropenaren uhartea, malkoen uhartea) izenarekin ere bataiatu zuten Ellis Island. Bada Ellis Islandi buruzko kanta irlandar bat ere, arras tristea: negarra, malkoak, herrimina…

«Osasun azterketa eta galdeketa bete behar zuten»

Ellis Islanden bildutako datuak 1887ko udaz geroztikoak dira. Lehengo eraikina dena zurezkoa zen eta sute batek erre zuen, bere baitan zituen dokumentuekin batera. Berri bat eraiki zuten, gaur egun dagoena, «baina New Yorkeko metroa eraikitzeko kentzen zuten lurrarekin bertze irla artifizial bat ere eraiki behar izan zuten, ailegatzen zen etorkin kopuru handia artatu ahal izateko. 1954ko azaroaren 12an utzi zion irlak etorkinen harrera-zentro izateari, ordurako etorkin gehienek hegazkina erabiltzen baitzuten.

Ellis Islanden topa daitekeena egiazko altxorra dela uste du Maite Goizuetak, «ez bakarrik niretzat edo nire familiarentzat, Euskal Herri osoarentzat eta mundu osoarentzat baizik». 

«Filtroa gainditu ez zuten 3.000 etorkinek bere burua hil zuten»

 

Euskal artzainen lehen belaunaldiaren lekukotza

Izan ere, Goizuetaren erranetan, oraindik ezezagun diren euskal artzain amerikanoen lehen belaunaldiaren lekukotza da. «Zorionez –dio–, hemen lan handia egiten ari da Euskal Artzainak Ameriketan elkartea, artzainen bilkura egiten dute, besta, liburuak, datu-basea… Hori zoragarria eta beharrezko da, aitortza bat zor diegulako. Euskal Herritik joan, lan egin zuten, euskaldunon izena han utzi zuten, familiak…. Baina, noski, gehien gehienak 1950. hamarkadatik honuntzako artzainak dira, hurbilagoak ditugu, senideak gertuago. Baina lehenagokoak ere baditugu, XIX. mendean jaiotakoak, pentsa! Nire aitatxi ere artzain joan zen, baina beraien historia ez da ezaguna, denbora aunitz joan delako. Horiei buruz ia deus ez dakigu. Horregatik, hunkituta nago, aitatxiren bila joan eta aitatxirekin batera hamar artzain baztandarren historia zati bat ekarri dudalako. Ez zen aitatxi bakarrik joan, hamarreko talde bat joan zen elkarrekin. Guk ez genekien nondik abiatu zen, nola, noiz ailegatu zen. Orain badakigu: Frantziako Le Havreko portutik atera ziren hamarrak ‘La Champagne’ transatlantikoan… 1902ko urriaren 25ean ailegatu ziren Ellis Islandera…». Eta hortik abiatuta, familiari buruzko datu gehiago ere lortu ditu Maite Goizuetak, Baztango Bake Epaitegira egindako harat-honaten ondotik. «Hainbat urte lanean ibili eta gero bueltatu zen, etxea erosi zuen Arizkunen, 1922ko urtarrilaren 4an ezkondu zen Maria Petra Juanikotena lekaroztarrarekin, lau alaba izan zituen, Eleuteria, Emiliana, Juanita (gure ama zena) eta Crispina, eta 1940ko uztailaren 26an hil zen Arizkunen. Bake Epaitegiko bi langileak ere eskertu nahi nituzke, beti laguntzeko prest izan baitira eta zoragarri portatu dira».

Miguel Yaben eta Maria Petra Juanikotena senar-emazteak.

«Dokumentazio guztia gorde dute eta hori mirestekoa da»

Informazio guztiarekin pozik dago, «ez bakarrik gure familiarena, baita bertze bederatzi baztandarrena ere. Baina ez da aberasgarria guretzat bakarrik, euskaldun guztiontzat baizik, gure historiaren zati bat baita eta seguru nago Ellis Islandeko museoan eta datu-basean, denborarekin, bertze hainbat datu eskura daitezkeela. Jakin dute dokumentu guztiak gordetzen, ez dituzte bota edo erre. Hori mirestekoa da».

Maria Petra Juanikotena bere lau alabekin, alargundu eta gero.

 

1954an itxi zuten Ellis Island

Munduko lehenengo guda edo gerra handiaren garaian eta ondotik europar guttiago joan zen Ameriketara. Europako populazioa ere oraingoa baino ttikiagoa zen garai hartan. Bigarren Mundu Gerra ere iritsi zen. Horrek ekarri zuen transatlantikoen gainbehera eta jendea hegazkinez mugitzen hasi zen. Honela, 1892. urtetik zabalik zen Ellis Islandeko 'Aduana' 1954ko azaroaren 12an itxi zuten. 

«1950tik honat hegazkinez joaten hasi ziren Ameriketara»

«Euskal artzainen bigarren belaunaldia ailegatu zen orduan –dio Maite Goizuetak–, 1950. hamarkadatik honat, horiek hegazkinez joan ziren Ameriketarat, kontrol gehiagorekin eta horien artean zegoen gure aita zena ere, Goizuetan sortutako Jaime Goizueta Perurena. 1961. urtean joan zen artzain, Ana Mari Marinen bidez… Bertze senide batzuk Argentinara ere joan ziren. Baina hori bertze historia bat da. Horri buruz gehiago badakigu».

 

Maite Goizueta, Ellis Islanden eskuratutako agiriarekin. Bertan ageri dira bere aitatxiren eta bertze bederatzi baztandarren datuak.

«Euskaldunak beti diskretuak izan gara, baina ezin dugu historia galtzen utzi»

MAITE GOIZUETA IABEN arizkundarra

XX. mendeko itsas-bidaia hura ez zen xamurra izanen…

Ikusi behar da zein baldintzetan joaten ziren hirugarren mailako bidaiari horiek itsasontzietan:  masifikazioa, osasun baldintza txarrak, garbitasun eskasa… Gehiengoa horrela joaten zen. Osasun eta administrazio kontrolen ondotik, Estatu Batuetan sartzeko beharrezkoa zuten gutxieneko diru kopuru bat eramatea gainean, 25-30 dolar, bertzela ez ziren sartzen. Lan-kontratu batekin joaten ziren edo ez ere galdetzen zieten. Kontrakoa badirudi ere, arras garrantzitsua zen ezetz erantzutea, ez zutela lan kontratutik. Zergatik? AEBko kongresuak 1885ean onartutako lege baten arabera, non erraten zuen etorkinek lan kontraturik gabe etorri behar zutela, lan kontratuarekin bertakoei lana kentzen zietelakoz (baldintza hau denborarekin aldatzzen). Nonbait despistatu eta lan kontratua zenuela erantzuten bazuten, automatikoki deportatzen zuten, ez zen sartzen. 

Behin Ellis Islandera ailegatuta, zer egin behar da nahi duzun informazioa kontsultatzeko?

Ordenagailuz betetako gela handi bat dute. Zer gertatzen da? Ni bezala, mundu osotik joaten dela jendea bere arbasoen datuen berri izatera eta begiratzera. Orduan, hogei minutuko tarte baterako hamar dolar ordaindu behar duzu. Denbora horretan kontsultatu dezakezu datu-basea, eta gero agiriaren kopia eskatu, egiazkotasun ziurtagiri bat ere egiten dizute… Bere logika badu, jende aunitz etortzen bada, eta deus ordaindu gabe orduak eta orduak pasatzen badu… Zoritxarrez horrelakoak gara eta horrelako neurriak hartu behar dira. Bertze zalantza izaten da, nola izanen dituzte gordeak gure aitatxiren datuak? Zeren guk bi abizenak erabiltzen ditugu, baina han bakarra. Hor denbora pasatzen da. Pasaportean Spanish jarri arren, bertze atal bakean Bask jartzen dute. Beraz, nonbait beraiek euskaldunen taldean jarri zituzten. Denborarekin konturatzen zara handik ekarri duzun altxorraz. Zerbait topa nezakeela banekien, Be-
goña Pecharroman lagun handi honi esker, baina uste nuena baino anitz gehiago topatu dut. 

Aitatxirena ez ezik, hainbat baztandarren eta bertze euskaldunen berri topa daiteke…

Gure historia da, euskaldun guztion historia. Datu gehiago biltzen baditugu, euskal artzain edo etorkin gehiagoren izen-abizenak, Euskal Herriaren historia osatzen ari gara. Ameriketara artzain joandakoak, Alpetara mendilanetara joandakoak… hori da gure historiaren zati bat. Euskaldunak ere emigranteak izan gara, baina beti diskretoak izan gara, zintzoak, isilik, eskandalurik ez sortu, lan egin eta kitto. Baina leku aunitzetan egon gara, parte hartu dugu, eta diskrezio horrengatik haien lekukotzaren zati handi bat galdu dugu. Hori ez badugu berreskuratzen, Euskal Herriaren eta euskaldunon historiaren zati bat ere galduko dugu eta gu hori ere bagara. Hau oinarri bat da. 1950etik honateko artzainekin eta lan handia egiten ari da, baina hauek beraien aitzindariak izan ziren, mende erdi bat lehenago Ameriketara joan ziren XIX. mendeko euskaldunak ziren.

Hauetaz baina, deus gutti dakigu…

Denbora behar da, baina hauen historia gehiago ezagutuz gero, ikuspegi orokorragoa izanen genukeela. Hauei buruz ez dut deus ikusi eta irakurri. Hain aberatsa eta ederra da. Hau dena ulertzeko garai hartan kokatu behar dugu gure burua: Bidaia hau migrante haien bizitzako ametsa betetzea zen, aunitzek dena saldu zuten harat joateko txartela erosteko, ez zen plazerrezko bidaia, beharraren bidaia zen, bizi berri bat hasteko bidaia. Harat iritsi eta ezin zutela sartu aditzeko arriskua ere bazuten. Ameriketara sartu ahal izateko irla hartara ailegatu, osasun kontrola, galdeketa, gehien gehienek ez zekien ingelesez, ez zuen deus ulertzen, itzultzaileak beharko zituzten, pentsa gaztelaniaz nekez jakinen zuten euskaldunak… . Hamar baztandar hauek bederen, denak sartu ziren. 

Zuk topatu duzun agiri horretako baztandarren ondokoekin harremanik izan duzu?

Gustatuko litzaidake zerrenda horretan ageri diren baztandarren ondorengoek ere historia hau ezagutzea, seguru nago ez dutela horren berririk, eta zergatik ez, elkar ezagutzea, hori mundiala izanen litzateke. Jakin-min hori piztea nahiko nuke. Imajinatu horietako bakoitzaren argazki bat lortzen dugula, datuak… Zeinen polita izanen litzatekeen! Euskal artzainen ziklo hori osatzea izanen litzateke, hasierako artzain aitzindari horiek zein izan ziren, noiz joan ziren, norat… jakitea. Hau ez da nire historia, nire aitatxiren edo nire familiaren historia bakarrik, hau guztion historia da. Hau dena ezagutzeko eta aitzinera eramateko denbora behar da, denbora eta gogoa. Baina oinarri bat badago. 65 milioi pertsonen datuak dituzte Ellis Islanden eta euskaldunak ere hor gaude. Eskualdunon historia sakabanatuta dago:artzainak, baleazaleak, mendigizonak, espartinak egiten ibili ziren ainarak, neskatoak, Irulegiko eskua, arkeologiako lanak, antropologia, Itsas-gizonak, mehatzariak… Hau guztia eta gehiago jasoko duen Artxibo/Zentru/Gune edo dena delakoa, bateratu eta bakarra sortu beharko genuke, eskualdunon historia orokorra leku bakar batean batzeko. Ezina, ekinez egina.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun