Urriaren 20tik 22ra iraganen da Baigorriko eta Baztango gazteen arteko bigarren topaketa, Atzoko, gaurko eta biharko sareak, nor bizi da Izpegiren bertze aldean? goiburupean. Udaberrian trukaketa Amaiurren gauzatu bazen, udazken honetan Baigorrin eginen da, Oronozia aterpetxean.
Egonaldi hauen helburu nagusia bi haranetako biztanleriaren, eta kasu honetan, gazteen arteko harremana sustatzea da, etorkizuneko sareak ehuntzeko asmoz. Halaxe jakinarazi dute irailaren 28an, ortzegun goizean Baigorriko herriko etxean egindako aurkezpenean. Aurkezpenean izan dira Fernando Anbustegi Baztango alkatea, Baigorriko herriko etxeko Betti Bidart eta Isabelle Arangoits kontseilariak, Laura Andresena Baztango udaleko gizarte langilea eta Bixente Hirigarai Baigorriko animazio langilea.
Egitarau erakargarria
Aurkezpenean erran dutenez, egitarauak ahal bezain erakargarria izan nahi du. Urriaren 20an, ortzirale arratsean, harrera eginen zaie gazteei eta elkar-ezagutza jokoak proposatuko dituzte.
Urriaren 21ean, larunbat goizean lurpera sartuko dira Bankako meategiak bisitatzeko eta arratsaldean uretan murgilduko dira, raftinga eginez Bidarrain.
Urriaren 22an, igandean pintxo lehiaketa bat proposatuko zaie taldeka. Sukaldean prestatutakoa dastatu eta gero, bakoitza bere etxera itzuliko da.
Egonaldia urririk da. Baztango eta Baigorriko udalek antolatu dute.