Nekazalpunk jaialdia eginen dute larunbatean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 26a, 10:30

Joan den urtean berreskuratutako ekimen antidesarrollista eta antikapitalista eginen du aurten ere Zapatillera elkarteak, irailaren 30ean Elizondoko Merkatuko plazan. Goizetik hasita, egun osoko egitaraua izanen du eta arratsalde eta gauean hamalau punk talderen kontzertuak izanen dira.

10:00etan hasiko da jardunaldia, bertako artisauen azokarekin, eta 11:00etan Talde Ekosozialak antolatutako solasaldia izanen da gaztetxean. 12:30ean 'Sokatikat!' akrobazia ikuskizuna izanen da, eta 14:00etan bazkari beganoa. Bazkariko txartelak eskuragarri daude bortz eurotan Txokoton eta Zubi Puntan, baita nekazalpunk@gmail.com helbidera idatzita ere. Arratsaldean banatzaile alternatiboen feria eginen dute eta bazkalondoko kontzertuak izanen dira 16:00etan, Errioxako Liberando Corazón eta Extremadurako (A)Garulla taldeekin. 17:30ean txalaparta tokata izanen da eta ondotik musika jaialdia.

18:00etan hasiko dira kontzertuak eta guztira hainbat lekutako hamalau taldek joko dute: Ras (Tolosa), Sub Rats (Ezkerraldea), Mutilated Judge (Bilbo), Txixaparrazta (Zarautz), Peedöh (Zarautz), Asinus (Salamanca), Vardüm (Altsasu), Itzala (Araba), Ventilador (Laudio), Reclusión (Lasarte), Roña (Elizondo), Ysa Tupa (Bilbo), Bombardement (Bordele) eta Insane (Extremadura). Sarrerak bortz eurotan salduko dituzte eta dirua taldeei laguntzeko izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun