Txomin Diaz

«Euskaldunon ardura da euskara mantentzea»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 24a, 10:00
Txomin Diaz Gomez iruindarra Azpilkuetan bizi da.

Txomin DIAZ GOMEZ, Azpilkuetan bizi den iruindarra

Non eta Zaragozan ikasten ari zela hurbildu zen lehendabizikoz euskararengana Txomin Diaz Gomez iruindarra, «EKT taldean euskara ikasteko izena eman nuenean». Eta Iruñeko AEKn eman zion segida bideari: «2000tik 2002ra aritu nintzen». Azpilkuetara etorrita, berriz, 2017an Elizondoko euskaltegian hasi zen eta egun, C1 mailan ari da.

Garbi du zertarako ari den euskaltegian: «Nire helburua ez da azterketa gainditzea, euskara txukuntzea eta hobetzea baizik» eta horretan saiatzen da etxean eta kanpoan: «Euskaltegia oinarria da, baina inportanteena kanpoan euskaraz aritzea da, ausartu eta lotsa galtzea». Beretako esperientzia «arras ona» izaten ari da, eta «Nafarroan euskara denok ikasi beharko genukeela» iruditzen zaio, are gehiago Baztanen. «Baztanen euskaraz ez badakizu, aunitz galduko duzu. Ez du ja ikustekorik Baztanen erdaraz edo euskaraz bizitzeak».

Aitortu du ez dela beti erraza, baina «nahi izanez gero, dena gainditzen da»; baita bertako euskararekin izaten dituen zailtasunak ere: «Zaila da Baztango euskara entenditzea, batez ere bizpahiru lagunekin zaudenean, baina moldatzen naiz. Denborarekin konprenitzen ari naiz».

Ari eta ari, hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegina ere egiten ari da: «Etxean gero eta gehiago egiten dugu euskaraz. Hasmentan bikotekidearekin erdaraz solastatzen nintzen, eta orain ohitura hori aldatzen saiatzen ari gara eta alabekin beti euskaraz egiten dugu. Lanean ere, euskaraz aritzen naiz. Horrek aunitz lagundu dit». Euskaraz irakurtzea «aunitz kostatzen» zaiola aipatu du, baina «belarria» ohitzeko «egunero, ordu batez, irratia euskaraz paratzeko» apustua egiten du. Bere hitzetan, «egunero sortzen dira euskara praktikatzeko tarteak, eta hala, hizkuntza hobetu eta txukuntzen ahal da».

Eskualdearen arabera, euskararen egoerak kezka sortzen diola ere adierazi du: «Iruñeko lagunek erraten dutenez, Iruñean gero eta gehiago aditzen da euskara. Kontrakoa aditzen dut, konparazio batera, Elizondon edo Baztanen. Helduak saiatzen gara mantentzen, baina gazteek erdara gero eta gehiago erabiltzen dutela aditzen da, nahiz eta jatorrizko hizkuntza euskara izan».

Hala, erdal hiztunei eta euskal hiztunei egin nahi izan die. Lehendabizikoei «euskara ikasteko konpromisoa» eskatu die: «Nafarroa  ofizialki elebiduna da eta normaltasunez hartu beharko genuke euskara ikastea». Euskal hiztunei, berriz, «erne» egoteko erran die: «Egoera beti euskararen kontrakoa izaten da eta euskaldunon ardura da euskara mantentzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun