Cristina Terol

«Jendea euskaraz sumatzen dut eta nik ere euskaraz bizi nahi dut»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 23a, 12:00
Cristina Terol Marin Elizondon bizi den katalana da.

Cristina TEROL MARIN, Elizondon bizi den katalana

Bartzelona utzita, joan den urtean etorri ziren Elizondora bizitzera Cristina Terol Marin eta bere familia, eta joan den urtean berean eman zuen izena Elizondoko euskaltegian. Hutsetik hasi zen euskara ikasten, izan ere, «Elizondon bizita, arras inportantea» iruditzen zaio euskaraz mintzatzea: «Ni katalana naiz eta guretako katalana inportantea den bezala, hemen euskaraz jakitea inportantea dela uste dut. Jendea euskaraz solasean sumatzen dut eta nik ere hala egin nahi dut».

Joan den urteko ikasturtea euskaltegian egiteaz gain, udan Arantzan ibili zen barnetegian, eta «hasmentako egunak pixka bat gogorrak» egin bazitzaizkion ere, «esperientzia arras ona» izan zela dio. Kontent ari da euskara ikasten eta «euskara aunitz gustatzen» zaiola ere gaineratu du. Dioenez, «ez dut uste zaila denik ikastea».

Etxean «katalanez» mintzo dira, baina gainerakoan, «etxetik kanpo euskaraz solastatzen eta euskaraz bizitzen saiatzen naiz». Baita bere semeak ere: «Euskara ikasten ari dira. Bi Baztan Ikastolan ari dira eta bertzea Lekarozko institutuan».

Horrekin batera, euskarazko produktuak kontsumitzen ere hasia da: «Normalean, telebistarik ez dut ikusten, baina irratia euskaraz aditzen dut, baita podcastak eta musika ere». Eta bertako kultura ere barneratzen ari dira: «Hemengo ohiturak, Olentzero, gau beltza, inauteriak… Dena ederra da, baita auzolanean aritzeko ohitura ere. Guretako aldaketa handia izan da honat etortzea, baina, dudarik gabe, onerako».

Euskarak «ateak ireki» dizkiola ere aipatu du, eta erdal hiztunei «animatzeko» dei egin die. Esker oneko hitzak ere izan ditu, baztandarrendako bereziki: «nire eta familiaren izenean, esker mile egin diguzuen harreragatik eta eman diguzuen laguntzagatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun