Estebe Apezetxe

«Baztanen ezagutza gero eta zabalduagoa da, baina erabilerari dagokionez, ez da gauza bera gertatzen»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 23a, 09:00
Estebe Apezetxe Murua Baztango AEK euskaltegiko arduraduna eta irakaslea da.

Estebe APEZETXE MURUA, Baztango AEK euskaltegiko arduraduna eta irakaslea

«Euskaldun zaharrak gehienbat tituluen bila etortzen dira eta gainerakoak euskara ikastera». Halaxe dio Baztango Suinki euskaltegiko arduradunak. Maila guztietako ikasleak dituztela kontatu du, eta euskararen egoerarekin kezkatua dagoela ere aitortu du. «Bereziki gazteengan eta haurrengan» sumatu du erabilerak beheiti egin duela.

Zer eskaintzen duzue Baztango Suinki euskaltegian?

Maila guziak eskaintzen ditugu. A1etik C1era. B1, B2 eta C1 mailetan azterketako prestatzeko taldeak ere izaten ditugu, eta talde arruntez gain, autoikaskuntza ere eskaintzen dugu.

Ikasle kopuruari dagokionez, zein da azken urteotako joera?

Azken lau edo bortz urteetan zazpi talde atera ditugu eta 55-60 ikasleren bueltan ibili gara.

Pandemiak matrikulazioan eragina izan zuen?

Pandemiaren ondoko ikasturtean, 2020-2021ean, jaitsiera ttipi bat sumatu genuen, gehienbat ikasle berrien aldetik. 2021-2022an berriz ere normaltasunera itzuli ziren datuak.

Zein helbururekin hurbiltzen dira ikasleak euskara ikastera?

Batzuk azterketaren bat gainditu nahi dutelako etortzen dira, baina gehiengoaren helburua Baztanen bizitzeko euskaraz ikastea izaten da.

Zein dira ikasleen ezaugarriak?

Maila guzietako ikasleak ditugu. Azken urteetan B2 edo C1 azterketak prestatzeko eskaria handitzen ari da. Euskaldun zaharrak tituluen bila etortzen dira gehienbat eta gainerakoak euskara ikastera. Halere, baditugu euskara ikasten gurean hasi eta C1eko titulua lortu arteko bidea egin dutenak ere. Jatorriari dagokionez, denetarik dugu: Baztangoak direnak, Bertizaranako eta Malerrekako ikasleak, Ultzamakoak, Euskal Herriko bertze herrietatik hona bizitzera etorri direnak, katalan batzuk, munduko hainbat herrialdetatik etorritakoak… Oro har, gizonezkoek baino emakumezko gehiagok jotzen du euskara ikastera.

Aurrez aurre edo autoikaskuntza: zein formatu aukeratzen dute ikasleek?

Ikasleen gehiengo zabala aurrez aurreko taldeetan txertatzen dugu. Alde batetik, gure ustez, ikasteko eraginkorragoa delako eta, bertzetik, haiek ere hala nahi izaten dutelako. Ordutegiagatik edo mailagatik taldeetan sartu ezin direnak autoikaskuntzara bideratzen ditugu.

Azken urteotan aldaketarik sumatu duzue hizkuntza ohituretan?

Kale neurketen hori islatzen ez duten arren, erabilerak beheiti egin duela iruditzen zait aunitzetan, gazteen eta haurren kasuan bereziki.

Euskararen egoera kezkatzekoa iruditzen zaizu?

Bai, bistan da. Baztanen ezagutza gero eta zabalduagoa da, baina erabilerari dagokionez ez da gauza bera gertatzen. Gazteengan eta haurrengan nabaritzen da bereziki. Ez da beraien errua, ingurutik jasotzen dituzten estimulu gehienak gaztelaniazkoak baitira. Horretan helduek ere eragin handia dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun