Baztango herriguneak berritzeko plana aurkeztuko dute heldu den astean lau saiotan

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 20a, 17:00

Irailaren 26an Arizkunen eta Elizondon eta 28an Iruritan eta Almandozen izanen dira aurkezpenak

Baztango Udalak bailarako herriguneak berritzeko planari hasierako onespena eman zion maiatzeko osoko bilkuran, eta udalaren webgunean dago ikusgai. Gainera, orain udaletxeko lehenbiziko solairuan paperean eskuragai dago denendako, eta udaleko atarian ere hainbat panel paratu dituzte.

Plana onartu ondotik hiru hilabeteko epea eman zen herritarrek, hala nahi izanez gero, alegazioak aurkezteko. Berez epea agortu da, baina udalak luzatzea erabaki du eta azaroaren 30era arteko epe berria izanen da alegazioetarako. Planaren helburua «herri eta auzoetako etxe haundi eta zaharrak berritzeko baldintza administratibo, juridiko eta tekniko egokiak eskaintzea da, betiere udalaren eskumenekoak diren gaietan».

Horretarako, «planak etxe horietan bizitegi berri gehiago egiten ahalko diren finkatuko du formula baten bidez, eta herriguneetan hutsik diren zatiak betetzeko aprobetxamenduak berrikusiko ditu. Honez gain, katastroan ez dauden eraikin eta anexoak ordenatzeko balioko du, udalaren kudeaketa administratiboa lagunduko duena, eta eremu publikoak hobetuko ditu, interes publikoko esku hartzeak finkatuko baititu».

Alegazio epea akitutakoan plana behin betiko onartuko da eta bertze prozedura bat abiatuko da: Baztango herriguneak Lehentasun Berroneratzea Area kalifikatzeko prozedura. Honek, bertzeak bertze, etxe zaharrak berritzeko orduan jaso beharreko diru laguntza bikoiztea ekarriko du.

Planaren idazketa Paisaje Transversalek hartu du bere gain eta udaleko hirigintza aholkularitzaren laguntza izan du. Honen inguruko informazio gehiago zabaltze aldera, kuartelka bilerak eginen dituzte heldu den astean:

  • Baztangoiza: Arizkungo lkartasuna frontoian irailaren 26an 17:00etatik 18:30era.
  • Elizondoa: Elizondoko Iriarte frontoian irailaren 26an 19:00etatik 20:30era.
  • Erberea: Iruritako Gizarte Bilgunean irailaren 28an 17:00etatik 18:30era.
  • Basaburua: Almandozko batzarre gelan irailaren 28an 19:00etatik 20:30era.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun