DANI SALDIAS BENGOTXEA

«Herri kirolak poz eta sufrimendu ugari eman dizkit»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 16a, 10:00

«Herri kirolen munduan murgilduta» dabilen Arraiozko gaztea da Dani Saldias Bengotxea. Kirolak orokorrean ditu gustuko, «eta naturarekin lotuak daudenak maite ditut». Hala ere, «lagunarteko otordu eta mus partidak ere gustura hartzen ditut!».

Familiako kontua

«Nahiko mantso» hasi zen herri kiroletan, 20 urte inguru zituela. Familian ongi errotua dute zaletasuna, «anaiarekin arpanean probatu nuen, eta gustukoa nuela ikusita, herri kirolen munduan ibili nahi nuela erabaki nuen». 

Hortaz, anaia izan du eredu; «berak haurretatik bizi izan ditu herri kirolak, eta gaur egun nire ilobak ere mundu honetan sartuak daude. Julen aizkoran eta arpanean dabil, Eider, berriz, arpanarekin eta konbinatuetan lasterka aritua da, eta Alaitz, ttikiena, aurten hasi da konbinatuetako txapelketetan. Beraz, familian segida badu».

Kirol exijentea

Gaur egun, hainbat modalitatean aritzen da Saldias: «arpana mistoan eta gizonezkoen mailan, txinga eramatean eta zaku lasterketetan. Bertze batzuk probatu ditut, baina horretan gelditu dira…». 

Hala ere, argi du aukeran arpana duela nahiago; «kirol guziek bezala, bere maila eskatzen du, entrenamenduak eta konpromisoa. Baina arpanak exijentzia plus bat eskatzen du, zerbait berezia da, eta pertsonalki gustukoena dut».

Plazaz plaza

Duela hainbat urte hasi zen herri kirolen txapelketetan parte hartzen, «eta bide horretan denbora luzez segitzea espero dut». Horrek prestaketa handia eskatzen dio, «kirol guzietan bezala, fundamentuzko zerbait egin nahi baduzu, etxean lan horiek egin behar dira. Egia erran nahiko lehiakorrak gara, beraz, ahal bezain ongi prestatzen saiatzen gara, posible bada bederen!».

Normalean astean behin entrenatzen dira horretarako, «baina txapelketen aitzinetik astean hiru egunez aritzen gara». Eta entrenamenduek bere emaitzak dituzte, hainbat txapel eskuratu baititu arraioztarrak. 

Udan Nafarroako Herri Kirol Txapelketan aritu zen, baita ongi aritu ere, txinga eramaten irabazi baitzuen eta arpanean bigarren postua lortu. «Baditut urte batzuk parte hartzen dudala, eta sanferminetan jokatzen den txapelketetan aritzea berezia da beti. Iruñeko Foruen plaza betea egoten da eta gogoko dut, bere neurrian, plazara ateratzeko urduritasun hori». 

«Kontent» dago egindako lanarekin; «aurten bereziki anaiarekin buru-belarri aritu gara arpanean, eta ordu dedikatu dizkiogu. Txingari ez nion kasu gogorrik egin egia erran, beraz gustura gelditu nintzen egindakoarekin».

Txingari hainbertze denbora eskaintzen ez badio ere, «hortzak ongi estutzea eta sufritzen jakitea» da ongi aritzeko sekretua. «Hortaz aparte, behatzak ongi lotzea da sekreturik haundiena, 100 kilo eramaten ditugu eta ez baditugu ongi hartzen, eskuak irekitzen dira eta ez da eusteko fundamenturik izaten. Beraz, beharrezko denbora hartu behar da txingak ongi hartzeko, eta sufritzen jakin behar da. Horretan laguntza haundia izaten dira inguruko animo eta txaloak!».

Etorkizunera begira

Bete nahiko helburu zehatzik ez du arraioztarrak; «plazetako jendearekin harreman onak izaten segitzearekin nahikoa dut, eta tartean txapel baten bat lortzen badut, hobe!». Azaldu duenez, «herri kirolak poz eta sufrimendu ugari eman dizkit, momentu on aunitz, lagunak, txapelen bat edo bertze… eta bereziena, gaur egun nire neska-laguna den Irune Biurrun».

Urte batzuk gibelerat begiratuta, «herri kirolak nahiko motel ikusten ziren eskualdean, baina gaur egun geroz eta jende gehiago animatzen da, gazte aunitz sartzen ari dira eta segida badago. Horrek poz handia ematen dit». 

Hala ere, «neska-mutil guziei gonbidapena egin nahiko nieke, ez dago adinik, beraz, animatu probatzera! Modalitate aunitz badira eta seguru gustukoena aurkituko dutela. Eta jendea plazetara hurbiltzera eta kirolariak ikustera animatu nahi dut. Plaza beteta ikusteak poza eta motibazioa sortzen du, eta gogo handiagoarekin hartzen ditugu eginbeharrak».

Saldiasi dagokionez, «herri kirolen munduan segituko dut, gorputzak laguntzen duen bitartean sorik, plazetara ateratzeko asmoz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun