BEATRIZ ETXEBERRIA VALCARLOS

«Almandoztarren bizi kalitatea hobetzeko ahal dugun guzia eginen dugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 16a, 09:00

Urtarrilean Pello Sarratea izendatu zuten Almandozko alkate, baina kargua bateragarria ez zenez Baztango Independenteak taldeko zinegotzi lanarekin, Beatriz Etxeberriak hartu dio lekukoa. «Emakume alaia eta jakin-min haundikoa» da Etxeberria, «gibeletik datozen belaunaldiendako bertze ikuspegi bat uzteko ilusioa» duena.

Nola animatu zinen?

Pello alkate zela ni kargudun izan nintzen, eta dimisioa aurkeztu zuenean taldekideek pausoa ematera animatu ninduten, baita herritar batzuk ere. Herriarenganako konpromisoagatik aurkeztu nintzen, hasmentako proiektuari segida eman ahal izateko.

Gogotsu hartu duzu kargua?

Bai, ilusio, gogo eta konpromiso haundiarekin.

Zein dira alkatearen ardurak?

Egunerokoan sortzen diren arazoak kudeatzea eta konponbide bat ematea, baita azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzea ere, herritarren beharrei erantzunez. Honetarako inportantea da komunikazio ona izatea Baztango Udalarekin eta, behar izanez gero, Nafarroako Gobernuarekin.

Erraza da aurpegia ematea?

Kontua ez da erraza den edo ez, hartu beharreko erantzukizun bat dela baizik. Batzuetan jendeak kudeaketarengatik zoriontzen zaitu eta bertzeetan kexu dira, baina lanaren parte da. Denondako justuena eta berdinzaleena dela uste dugunaren alde lan egiten saiatzen gara.

Nor dituzu kargudun?

Hasi genuen proiektuaren segida denez, kargudunak pertsona berak dira: Iziar, Javier, Jeronimo eta Pello.

Zenbatean behin biltzen zarete?

Ez dugu maiztasun zehatzik, landu beharreko gairen bat dugularik elkartzen gara. Hala ere, Almandoz ttikia da eta ia egunero ikusten dugu elkar.

Alkatetzak lan handia eskatzen du egunerokoan?

Orokorrean eramangarria da, nahiz eta egia izan zenbait momentu edo egunetan afera zaildu egiten dela. Baina jendea laguntzeko prest egoten da beti eta esker onekoak izaten dira.

Almandozi dagokionez, zein hobekuntza egin dira azken urteetan?

Hainbat lan egin dira: bideak eta kanadar pasabideak garbitu eta moldatu dira, Mendiolako zati batzuetan brea eta hormigoia eman, N-121-A errepidera zuzeneko irteera defendatu da Mendiolako auzotarrendako, kanposantuko aparkalekuko ura kanalizatu da, autobusari itxoiteko markesina egin da, zenbait ur-ihes konpondu dira…

Eta gaur egun zein behar ikusten dituzu herrian?

Alde batetik, kotxe gehiagorendako aparkaleku bat beharrezkoa da. Bertze aldetik, bordetako eta intereseko bertze lekuetako bide eta pistetan mantentze-lanak eta hobekuntzak egiten segitu behar dugu. Gainera, landa inguruan arras garrantzitsua da konexio onak izatea eta horregatik beharrezkoa da Interneta denon eskura izatea.

Zuen helburuak agintaldi honetarako?

Ahal dugun guzia egitea almandoztarren bizi kalitatea hobetzeko, modu eraginkorrean lan eginez eta herritarren ahotsa adituz.

Nola ikusten duzu herria kultura aldetik?

Baztango kultura ongi errotua dago Almandozen, eta bertako tradizioak zaintzen eta sustatzen saiatzen gara, herriko bestetan, adibidez. Gainera, igandeetako mezak alaitzen dituen abesbatza dugu, eta bestetako egun handian aurora kantatzen dute. Aurora kantatzen den bailarako herri bakarra da Almandoz. Honez gain, Urritzola-Galaingo bestetan herri kirol saioan parte hartzen du herriak.

Herrian bigarren harrobi bat egiteko proiektuak kezka haundia sortu du. Nola dago gaia?

Oraingoz Nafarroako Gobernuak guk aurkeztutako alegazioei erantzuteko zain gaude.

Nolako ondorioak izanen lituzke?

Argi dago herrian eragina izanen lukeela, eta ez gure mesederako. Imajinatu bi harrobiren artean bizitzea eta herritik pasatzen den kamioiaren trafikoa biderkatzen ikustea. Herritarrak kezkatuta daude, aspaldi mahai-gaineratu zen gaia eta oraindik ez dugu konpondu.

Beraz, proiektuaren kontrako borrokarekin segituko duzue?

Argi dugu Almandoz defendatuko dugula, proiektu honengandik eta almandoztarren bizikidetza kaltetzen duen edozein proiekturengandik.

Nola ikusten duzu herriko etorkizuna?

Almandozko gazteak herrian bizitzen gelditzea gustatuko litzaidake, gauzak ongi daudenaren seinalerik handiena baita hori. Horretarako, herriari eta bailarari aukerak eta zerbitzuak ematearen alde egin behar dugu lan.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Eskerrak eman nahi dizkiet almandoztarrei haien laguntza eta konfiantzagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun