Gizonezko bat salatu dute Elizondon ehiza debekuari kasu egin gabe erreka bazterrean ahate bat hil eta larrutzeagatik

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 12a, 13:30

Foruzaingoak ohartarazi du basa animaliak baimendutako barrutietan bakarrik ehizatu daitezkeela, ez eremu libreetan. Gainera, uretako espezien kasuan, bakarrik eremu eta egun zehatzetan ehizatzen ahal dira, ez nahi denean eta nonahi.

Elizondoko komisariako foruzainek gizon bat salatu dute berriki ehizarako debekualdiei buruzko foru agindua hausteagatik, erreka bazterrean ahate bat hil eta larrutzen harrapatu ondotik.

Lehendik, Foruzaingoaren Aginte eta Koordinazio Zentroan herritar baten deia hartua zuten, pertsona batek hegazti bat ehizatu eta larrutzen ari zela jakinaraziz. Herritarren segurtasunerako patruila batek gertaera egiaztatu zuen tokira joan eta berehala.

Prentsarako oharrean zehaztu dutenez, gizona identifikatu ondotik, nazionalitate frantsesekoa eta Bartzelonako bizilaguna, ehizari buruzko araudia hausten ari zela jakinarazi zioten, eta, beraz, administrazio espediente zigortzailea irekitzeko salatuko zutela. Ezkutuan ari zen ehiztariak adierazi zuen ez zuela legea ezagutzen eta berak jateko hil zuela ahatea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun