Sexualitateari buruz solastatzeko hiru hitzordu antolatu dituzte irailean Arizkunenean

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 11a, 18:00

Irudia: Freepik.com

Ortzegun honetan izanen da lehen saioa eta haur eta nerabeen sexualitateaz arituko dira

Baztango Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuak sexualitateari buruz mintzatzeko solasaldi zikloa antolatu du irailean, guraso eta irakasleei zuzendua eta herritar guziendako irekia. BerHezi berdintasun aholkularitzak emanen ditu hitzaldiak Arizkunenea kultur etxeko hitzaldi aretoan 18:00etatik 20:00etara. Hiru saio eginen dituzte, iraileko hiru ortzegunetan:

  • Haur eta nerabeen sexualitatea, irailaren 14an. Haur eta gazteen sexualitatearen ezagutzaz ariko dira, bidelagun moduan eta prebentziorako aukera gisa. Oinarrizko kontzeptuak landuko dituzte aniztasun begirada batetik.
  • Hezkuntza sexuala, irailaren 21ean. Sexualitatearen inguruko begirada zabalduz eta aniztasuna ardatz hartuta, bizitzako alderdi guztietan eragiten duen eta aldakorra den kontzeptu honi buruzko ibilbidea eginen dute. Gorputzaz eta harremanez ere solastatuko dira.
  • Sexualitatea eta pornografia, irailaren 28an. Haur eta nerabeek pornografiaren kontsumoarekin duten harremanaren inguruan hausnartuko dute, eta hau kudeatzeko tresnak nola eskuratu daitezkeen ikusi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun