Lorenzo Sarratea Azkarraga

«Luzera begira gaur egungo baldintzetan irautea ezinezkoa da»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 10a, 11:00
Lorenzo Sarrateak ardiekin eta zerriekin egiten du lan Elizondoko Ernauteneko borda baserrian. Argazkia: Reyno Gourmet

Lorenzo SARRATEA AZKARRAGA, Elizondoko baserritarra

Ardi latxaren sektorea «egoera larrian» ikusten du Elizondoko baserritarrak. Sektoreak dituen trabez, mugez eta erronkez aritu da, eta elkartu eta borrokarako deia egitearen beharra nabarmendu du.

«Ardi latxaren sektorea krisian dago eta egoera larria da». Argi eta garbi mintzatu da Elizondoko Ernauteneko bordako Lorenzo Sarratea Azkarraga (Elizondo, 1969). «Gastuak irabaziak baino aise handiagoak» direla dio, eta «luzera begira» gaur egungo baldintzetan irautea «ezinezkoa» ikusten du. Historikoki Erronkari eta Idiazabal jatorri izendapenek izan duten balioa azken urteotan galtzen ari dela gaineratu du, eta supermerkatu handiek egiten duten «kalteaz eta minaz» ere aritu da. Baserritarrak, «ikaratuak», eskaintzen dietena onartzen ari direla argitu du eta bere hitzetan, «hori ez da bidea». Horregatik egin du «elkarrekin borrokatzeko» deia, konbentzitua baitago «lana eginez, lehenbiziko sektoreak etorkizun ona izaten ahal duela». Ardiekin eta zerriekin aritzen da lanean eta Erronkari Jatorri Izendapeneko presidentea da Sarratea. 

Berriki EHNE sindikatuak ardi latxaren sektorea krisian dagoela ohartarazi du. Nola ikusten duzu? 

Momentu honetan, egoera latza da. Lehenagotik ez genuen espantu gogorrik, baina hondarreko bizpahiru urteotan nahasmen handia izan da: Covid-19a dela, Ukrainako gerra dela, espekulazioa esajeratu dela, joan den urteko idortea dela... Horien guztien ondorioak orain sumatzen ari gara. 

«Lehenagotik ez genuen espantu gogorrik, baina hondarreko bizpahiru urteotan nahasmen handia izan da»

Ardi gaztaren ekoizpenaren kasuan, nola dago sektorea? 

Oraindik ez dugu aurtengo daturik, baina produkzioa pitta bat beheitituko dela ikusten da. Urte hasmentan, kontratuak sinatzen ditugularik, esnearen prezioak gorakada handia izan zuen, baina gastuak oraino aise handiagoak dira, eta ez gara ailegatzen gastuak estaltzera.

Erronkari eta Idiazabal jatorri izendapenak hagitz preziatuak dira. Errentagarri izateko nahikoa da? 

Aunitz urtez sor-marka horiek lagundu digute; jatorri izendapenik ez dutenen aldean, gure esnea, gure gasna eta gure lana gehiago baloratu izan dira. Baina hondarreko urteotan balio hori galtzen ari da. Lehen gerra artzainen eta industriaren artean izaten genuen, baina orain supermerkatu haundi horiek sartu dira tartean eta min handia egiten ari dira. Gure markak saltzen dituzte, bertako produktuak, baina kapaz dira bertze tokietan baino merkeago saltzeko. Mezu hori ematen dute eta gure produktuaren balioa gutitzen ari da. Gure bizkar ari dira.    

Supermerkatu handiak aipatu dituzu. Batetik bertzera gasna kiloaren prezioan dauden aldeak ere agerian utzi ditu EHNEk... 

Bai, lehenago batetik bertzera zegoen aldea ez zen hainbertzekoa izaten, baina orain bai. EHNEk prezioak konparatu zituenean, Mercadonan gasna kiloa 17,68 eurotan zegoen; Eroskin kiloa 23,49 eurotan, Alcampon 23,81 eurotan eta Corte Inglesen 33 eurotan. Gaur egun 23 euroko prezioa izanen litzateke errealena, 33koa ere ez baita hala. Horrek esnea gehiago ordaintzerakoan eraginen balu... Baina ez da hala. Garbi dagoena da egungo gastuekin 17 euroko prezioa izatea ezinezkoa dela. Mercadonak prezio horretan saltzen badu, marjinarekin jokatzen ari da, baita industria ere. Beti irabaziak egiteko marjinarik gabe gelditzen garenak baserritarrak gara. Beheititik goiti hasi beharko genuke, prezioak guk emanez. Baina aldrebes egiten da, goitik beheiti. Gaur egun, baserritarrok dugu botererik ttikiena, dena guk ordaintzen dugu.   

«Ardi esnearekin ari garenon egoera makurragoa dela erranen nuke»

Ardi esnearen ekoizpenaren kasuan, zein da egoera? 

Supermerkatu handien politika horiek denoi egiten digu kalte, baina ardi esnearekin ari garenon egoera makurragoa dela erranen nuke.

Hortaz, egoera larrian zaudete? 

Bai, denetarik izanen da, baina momentu honetan egoera larria da. Handik eta hemendik kolpeak hartzen ari gara. Administrazioak gero eta exijentzia gehiago paratzen dizkigu, eta gure artean aunitz zabaltzen ditugun mezuek ere kalte egiten digute: «Bildotsa ez da jaten eta ez da salduko», «Gasna ez da saltzen»... Horrekin batera, baserritarrok betitik izan dugun lanerako manera edo mendiak zaintzeko manera zalantzan paratu dituzte. Urteetan egin ditugun gauza aunitz gaizki egiten ari garela aditzen ari gara; animalien kontrako tratu txarra dela, ote bati ezin surik eman... Halakoek kalte handia egiten digute. Gehiago ere erranen dut. Halako mezuek elkartu eta elkarrekin indarra egiteko balio behar ligukete, baina aldrebes gertatzen ari da. Gero eta gehiago ari gara bakoitza bere aldera, bakoitza bere etxean, bakoitza bere arazoekin. 

Gastuen garestitzea eta esnearen prezio baxua. Ez da nobedadea... 

Ez, eta esneari buruz ari gara, baina bildotsaz ez dugu atzendu behar. Azken 40 urteotan arras guti goratu da bildotsaren prezioa. Esnea, berriz, goratu da, baina gastuen portzentajea aise altuagoa da eta hori da arazoa. Hiru urteotan % 18 igo da esnearen prezioa, eta lau urtez ardiaren pentsua ia-ia bikoiztu egin da, eta bazka bertze hainbertze. Gutako aunitzek belarra etxean biltzen dugu, baina joan den urteko idortearen ondorioz, erosi behar izan genuen. Merkatura joan ginenean ohartu ginen aunitz kasuetan ez zegoela erosteko belarrik eta zegoena izugarri garesti zegoela. Pentsuaren eta belarraren gastuei, argindarrarena, erregaiarena... gehitu behar zaizkio.     

Ekoizpen gastuak estaltzeko eta soldata duina izateko zenbatean egon beharko luke esne litroak? 

Badira azterketak eginak, Nafarroan INTIAk eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Behatokiak egin ditu eta kalkuluen arabera, esne litroak 1,60 eurotan behar luke. Aurten % 15eko igoera izan dugu, baina hala ere, batezbestekoa ez dut uste 1,25 eurora ailegatu denik. Eta hori batezbestekoa da, alegia, badira merkeago saltzen ari direnak.  

«Marka zuria ateratzen badute, eta bertako arrazekin eta bertako baserrietatik ateratakoa dela erraten badute, ondorioa bistakoa da»

Supermerkatuetan esnea bezeroak erakartzeko amu gisa erabiltzen dutela maiz aditu dugu eta horretarako marka zuriko markak merkaturatzen dituztela. Zer diozu? 

Marka zuria ateratzen badute, eta bertako arrazekin eta bertako baserrietatik ateratakoa dela erraten badute, ondorioa bistakoa da. Esnea amu gisa erabiltzen dute, bai. Supermerkatuetan elikagaiekin halako eskaintzak egitea debekatu behar lukete.

Zein da aterabidea zure ustez? 

Beti pentsatu izan dut, eta oraino ere hala pentsatzen segitzen dut, soluzioaren zati bat gure esku dagoela. Behar-beharrezkoa da denak elkartzea eta elkarrekin borrokatzea. Hondarreko urte hauetan bakoitzak nahiko lan dugu gure etxean, gero eta lan gehiago eta asti gutiago dugu etxetik ateratzeko, eta borroka bertzeengan uzten dugu. Hori ez da bidea. Badakigu zer nahi dugun eta hori lortzeko borroka egin behar dugu. Kalitatezko produktuak ekoizten ditugu eta horrek balio erreala izan behar luke. Azken urteotan NPB dirulaguntzarekin petatxuz betetzen ari dira, baina zirrika horrek baditu nahiko petatxu dagoeneko. Gure produktuari balioa emateko guk borrokatu behar dugu. 

Ekoizleen borrokaz gain, kontsumitzaileak eta administrazioak ere zeregina izanen du, ez? 

Bai, dena soka bat da. Herri batek izaten ahal duen gauzarik hoberena elikadura subiranotasuna da, bertan jan behar duguna bertan ekoiztua izatea. Aunitzetan hemengo baserritarrok jatekoa ekoizten dugula atzentzen zaigu. Jatekorik ez dagoen tokietan miseria ederra ikusten da, eta ez dakit ohartzen garen zer gertatzen ahal den hemen ez badugu ekoizten eta dena kanpotik ekarri behar baldin badugu.  

2021ean Karlos III.a Noblearen Gurutzea eman zioten Lorenzo Sarrateari. Irudian Maria Txibite Nafarroako presidentearekin ageri da.

Elikagai katea ekoizlearengandik bezeroarenganako hornidura katean gehiegikeriarik ez egiteko onartu zuten. Betetzen da? 

Lege hori kate hori betetzen ez zelako atera zuten, sindikatuek egindako presioaren ondorioz. Legea hor dago, baina zailtasun handiak ditu. Gehiegikeriaren bat baldin badago, salaketa zuk paratu behar duzu, zuk aurkeztu behar duzu salatzaile... Eta ez da erraza. Eta isunak onartzen dituzte, baina 3.000 euroko isuna niri paratzea izugarria da, baina supermerkatu handi horientzat deus guti da. Gainera, ofizioz, badakit ez direla konplitzen. Eta gehiago ere bai; lege hori zorrotz betearazten hasiko balira, sistema hau kolokan geldituko litzateke. Ekoizleok Europatik heldu diren NPB dirulaguntzak ditugu, eta gehienetan gastuak horiekin estaltzen ditugu. Gauza guztiek kostatzen denaren balore erreala izanen balute, egoera bertzelakoa izanen litzateke. Baina ez da horrela eta pittaka-pittaka jatekoa debaluatzen joan da. Gaur egun, balio duenaren eta balio beharko lukeenaren arteko aldea izugarria da, eta zaila da bat-batean golpetik hori aldatzea. 

EHNEk salatu zuenez, gaur egun bertakoa baino garestiago ordaintzen omen da kanpoko arrazen esnea; adibidez, latxarena baino garestiago. Zer gertatu da? 

Bai. Historikoki jatorri izendapenetik kanpo zegoen esnea % 20 bat merkeagoa izan da, baina orain, eta kasu batzuetan, izendapenetik ez dutenen truke gehiago ordaintzen da.  Gaztela da bidea markatzen duena. Idortearen eta eritasun baten ondorioz, esnearen produkzioa beheititu egin da, baina esnea behar da eta industria handiak, bai ala bai, ordaintzeko prest daude. Orain dela lau urte, gaur egun ordaintzen duten prezioa ordaintzea ezinezkoa zela erraten zuten, baina orain prest daude, ez baitute esnerik. Lehengoan Mantxako Jatorri Izendapeneko esne litroa 2,40 euro ordaintzera ailegatu direla aditu nuen. Eta zer gertatu da hemen? Hemen ere ez dago esne aunitzik, baina balioa ikaragarri galdu du. Gainera, beti mezu ezkorrekin ari gara, esnea goratzen bada gasna ez dela salduko eta... Denak ikaratuak. Bertze tokietan esnearen prezioa goititzeko marjina baldin bada hemen zertako ez?

«Baserritarren % 90ek eskaintzen dietena onartzen dute. Hori penagarria da»

Baserritarrak ikaratuak daudela erran duzu. Dagoen eskaintza onartzen dutela erranen zenuke? 

Bai, bai. % 90ek eskaintzen dietena onartzen dute. Barnetik haserre egonen gara, baina kontratua sinatuko dugu. Hori penagarria da. Gure amek eta aitek, gure amatxiek eta aitatxiek gaitasun handia zuten beraiek ekoizten zuten produktuaren alde borrokatzeko, eta guk gaitasun hori galdu dugu.  

Bertako arraza babesteko apusturik egiten da?

Bai, dirulaguntza batzuk hartzen ditugu. Baina ohartu behar dugu bertako arrazak, kasu honetan, ardi latxak, artzainak baldin bagara iraunen duela. Alegia, artzainak desagertzen bagara, bertako arraza bat galtzeko arriskuan egoten ahal da. Eta ez hori bakarrik. Baserri batek jarduera ekonomikoa sortzen du, eta ingurunea ere lantzen du. Gure mendiak ez daude beraien gisa horrela, baserriak bizirik daudelako ditugu halako mendiak. Beraz, ez dago arraza bakarrik arriskuan. 

Abeltzaintza estentsiboaren edo intentsiboaren aldekoa da joera? 

Administrazioak eta enpresek estentsiboaren aldeko mezua zabaltzen dute, baina egiatan eredu intentsiboa ikusten da. Ardiak mendian ageri diren irudia saltzen dute, baina zenbat eta gehiago ekoiztu prezio hobeak lortuko dituzte eta hori gertatzen ari da. Ardiak mendian ibilita, ezin da ukuilu intentsibo batean adina produzitu. Lehen artzain bat borzpasei hilabetez aritzen zen lanean, eta gainerakoan ardiak mendian edukiko zituen. Urtetik urtera jarduera hori luzatzen ari da, urte osoan etxean lanean ari behar izateraino. 

Nola ikusten duzu etorkizuna? 

Bistan da artzainak behar ditugula, eta industria ere behar dugula. Baina industria horrek bertako jendearena eta bertako kapitalarekin egindakoa behar luke, ttiki aunitzekin osatua. Kanpotik etortzen direlarik ematen du ikaragarria emanen digutela, eta ez da hala. Erabakiak urrundik hartzen dituzte, hemengo errealitatea ikusi gabe.

Gaur egungo baldintzetan irautea posible izanen da?

Luzera begira ez. Edozein lan hitzarmenetan soldata eta lan baldintza duinak eskatzen dira, eta gu biak galtzen ari gara. Eta pena da, oraindik afizio handia duen jende gaztea badelako.

Gazteen aldetik bada segidarik? 

Baztanen, adibidez, baditugu gazte batzuk; ez behar adina, baina badira. Hala ere, gaur egungo lan baldintzekin ezin ditugu utzi, ezin ditugu urte osoan ukuilu barnean lanean utzi, gainera, soldata doi-doi irabaziz. Aspertuta utziko dute. Lan honetan segitu nahi duten gazteak ikusita, lan baldintzak hobetzen lagundu behar diegu.

Azken datuen arabera, sektore honetan Nafarroan batez besteko adina 50 urte da... 

Lehenbiziko sektorean gehienak adin handikoak dira, eta hamar urteren buruan beherakada handia izanen dugu ez bada gazte gehiago sartzen. Orduan ikusiko dugu egiatan nola dagoen sektorea.

Kontsumitzaileei zer eskatuko zenieke? 

Batzuetan iruditzen zaigu bertakoa garestiagoa dela, baina bertakoa kontsumitzen dugularik, kontsumitzeaz gain, gure eskualdeak bizirik segitzeko inbertsio bat egiten ari gara. Nik zuri erosten badizut, zuk niri ere erosten ahal didazu. Erosketak egitera kanpora joaten banaiz, zu ere kanpora joanen zara. Zirkulu bat da.

«Elkartu eta borrokatzeko gaitasuna berreskuratu behar dugu»

Eta administrazioari?

Beti arazoei petatxuak paratzen ari gara, baina arazoari behar bezala heldu behar zaio. Beti erraten dut aunitz lege ez direla gu babesteko. Baina guk ere badugu zer egina. Elkartu eta mezu bakarrarekin aitzinera egitea falta zaigu. Lana, etxean eta kanpoan, eginez gero,  lehenbiziko sektoreak etorkizun ona izaten ahal du. Elkartu eta borrokatzeko gaitasuna berreskuratu behar dugu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun