Arantxa Blanco

«Kirola denondako da, gustura egiten duzun jarduera aurkitzea da inportanteena»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 10a, 08:00
Arantxa Blanco, Mugarki kirol guneko zuzendaria

Joan den urteko urrian ireki zituen ateak lehendabizikoz Mugarki kirol guneak Arizkunen. Lehenik rokodromoa aurkeztu zuten, eta aurtengo udaberrian, berriz, gimnasioa eta kirol jarduerak. Orain ikasturte berrirako prestatzen ari dira, eta horri buruz mintzatu zaigu Arantxa Blanco zuzendaria.

Gaur egun eskaintza zabala dute kirola egin nahi duten guztiendako; «gimnasioan ekintza gidatuak egiteko bi gela ditugu, fitness gunea, aldagelak, fisioterapia eta nutrizio kontsultategiak eta taberna. Rokodromoan, berriz, eskalada bideak, boulder gunea eta zeharka egiteko bideak ditugu». Zortzi lagunek osatzen dute lantaldea, «eta denon artean arduratzen gara jarduerez, entrenamenduez, harreraz, rokodromoaz…».

Normalean, «jendeak klase gidatuak egin nahi izaten ditu, indarrekoak zein aerobikoak. Batzuk lehenagotik ohituak daude kirola egitera eta bertze batzuk ez, baina denek nahi dute kirola modu gidatuan, kontrolatuan eta konpainiarekin egin».

Rokodromoak ere jendearen interesa piztu du; «harrera arras ona izan du. Eskalada modan dagoen kirola da eta eskualdean pentsatzen genuena baino jende gehiago aritzen da. Hala ere, jende aunitz hasi da kirol hau probatzen rokodromoa ireki genuenetik». Izan ere, «lehenengoz etortzen direnei monitoreek oinarrizko jarraibideak ematen dizkiete eguna aprobetxatzeko, baina serioago hasi nahi dutenendako gomendagarria da kurtsoak edo bataio saioa egitea».

Honez gain, kanpamentuak eta bertzelako ekitaldiak egiten dituzte, «kiroldegitik kanpo jende gehiagorengana eta, batez ere, adin guzietara ailegatzeko. Geroz eta jende gehiagok egiten du kirola erregulartasunez eta eskualdean horretarako gune baten beharra ikusi genuen. Jendeak egiten dituen jarduerak ikusi genituen eta proposamen berriekin ostzeko sor-
tu genuen Mugarki».

Ikasturte berrirako prest

Ikasturte berriarekin jendeak errutina berrartzen du, «eta jende aunitz etortzen da kurtsoen inguruan galdezka». Hori dela eta, «programazio oparoa prestatu dugu jarduerak goizez, eguerditan, arratsaldez eta ilunabarrean egiteko: indarra, Kros Hit, Kardio-fit, ziklo, dantzunba, pilates eta yoga. Gainera, berritasun gisa haurrendako Kros Kids jarduera sortu dugu, astelehen arratsaldetarako». Honez gain, «rokodromoan haur, gazte eta helduendako eskalada kurtsoak ditugu».

Azaldu duenez, «errutina osasuntsua izateko konstantzia, aholkularitza ona eta batez ere egiten duzuna gustukoa izatea da inportanteena. Egiten duzun kirola gustuko ez baduzu, zaila da ohitura hartzea. Horregatik, gure jarduerak probatzera animatzen dugu jendea, praktikatu eta erosoen dauden kirola aukera dezaten. Hau elikadura on batekin osatu behar da errutina errazago hartzeko».

12 aste Mugarki osasuntsu

Ohitura osasuntsu hauek sustatzeko '12 aste Mugarki osasuntsu' erronka sortu dute. «12 asteko erronka da, Vitxori Juanikotena gure nutrizionistarekin batera egiteko. Bere osasuna, egoera fisikoa edo gorputz konposizioa hobetu nahi duen edozeini zuzendua dago, lehenagotik kirola egin edo ez». Urriaren 2tik abenduaren 22ra eginen dute erronka.

Ariketa fisikoa elikadura onarekin bateratzea «funtsezkoa» denez, «erronka hasteko elkarrizketa bat egiten da nutrizionistarekin, eta bilakaera ikusteko hiru kontsulta gehiago». Gainera, «indarra eta kirol aerobikoa tartekatzen duten ariketa plana proposatzen dugu, hiru taldetan; goizekoa, arratsaldekoa eta ilunabarrekoa».

Kirola egiten hasi nahi dutenak «Mugarkira etortzera eta bere helburuak kontatzera animatu nahi ditugu. Gure aholkularitzarekin, egokitzen zaion kirola aurkitu eta jendez inguratuak errutina berria hasten ahalko dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun