'Garapenerako hezkuntza sentsibilizazioa' proiektua egiten ari dira Elizondoko zahar etxean

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 7a, 19:00

Prestakuntza eta tailerren bidez garapen bidean dauden herrialdeen errealitatera hurbiltzea dute helburu

Francisco Joaquin Iriarte egoitza, FABRE fundazioarekin elkarlanean, 'Garapenerako hezkuntza-Sentsibilizazioa: Ez utzi inor atzean' proiektua garatzen ari da zahar etxeko egoiliarrekin. Bertako langileek azaldu dutenez, proiektua «belaunaldien arteko bizipena» da, «esperientziak eta ezagutzak partekatzeko. Herritarrek mundu bidezkoagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa eraikitzeko konpromisoa har dezatela sustatu nahi da, 2030 Agendaren esparruan».

Helburu espezifikoa «garapen-bidean dauden herrialdeen errealitatera hurbiltzea eta gure aitatxi-amatxiek iraunkortasun helburu horietan parte hartzea» da. Horretarako asteroko saioak egiten ari dira, FABREko Blanca Diez teknikari profesionalaren laguntzarekin prestakuntzak eta tailerrak eginez: baratze bat sortzea, erakusketak egitea…

Azkenik, «protagonista nagusiak egoitzako adinekoak dira, gizartearen garapenarekin hasi zirenak eta esku artean arras erronka polita utzi digutenak: baldintza berdinetan mundu justuago bat lortzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun