Eraso homofobo bat salatu dute Arraiozko bestetan Baztango hainbat eragilek

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 7a, 11:30

Aste honetan akitutako Arraiozko bestetan hitzezko eraso LGTBI+fobikoa izan zela jakinarazi eta salatu dute Harro Baztan taldeak, Iñarrosik, Baztango Talde Feministak, Arraiozko Herriak eta Gazteek eta Baztango Udalak

Eragileek adierazi dutenez, «akitu berri dira Arraiozko bestak, eta bertze behin, ez dira erasorik gabeko besta batzuk izan. Bestan lasai zegoen lagun talde batek hitzezko eraso LGTBI+fobikoa jasan zuen. Erasoa eman ondotik, tentsio egoera izan zela aitortu du erasotuak. Gauzak horrela, egoera horretatik alde egitearren, erasotua eta haren lagunak etxera joatera beharturik ikusi ziren. Erasotuak aitortu duenez, momentu horretaraino besta giro segurua sentitzen zuen, gizon hauek espazioa bereganatu zuten arte».

Honen aitzinean, «argi utzi nahi dugu ez dela kasu isolatu bat, egunero bizitzen dugun indarkeria sexista eta LGTBI+fobikoaren adibide eta ondorioa baizik. Modu batera edo bertzera etengabe erasotuak izaten garelako, begiradak, hitz iraingarriak, mehatxuak… Badakigu jarrera hauekin gu isilarazi nahi gaituzuela, ezkutatu nahi gaituzuela eta berriz ere bazterretara bidali nahi gaituzuela, klandestinitatera. Baina argi eta ozen diogu: ez duzue lortuko, gure artean babesturik eta sareturik baikaude».

Akitzeko, «lanean segituko dugu besta eta inguru aunitz aske eta errespetutsu sentitu arte. Ez duzue Arraioz ezta Baztan ere ordezkatzen, ez badakizue egoten, ez etorri!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun