Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitza zaharberritzeko prozesua abiatu du Baztango Udalak, «bertako langileen eta egoiliarren beharretara egokitzeko». Uztailean zahar etxeak IDEA enpresarekin zuen kudeaketa kontratua etetea erabaki zuten, kudeaketa zuzenean udalaren esku uzteko, eta lanen berri eman zuen Fernando Anbustegi batzorde buruak. EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari esker, Baztango Udalak 4 milioi euro hartuko ditu erreformaren lehen fasea egiteko, eta lanen lizitazio deialdia egin dute orain.
Enpresa interesatuek irailaren 25era arte, egun hau barne, izanen dute proposamenak aurkezteko epea. Udalak 5.270.712,98 eurotan (BEZik gabe) balioetsi du lanen prezioa. Deialdia eta baldintza guztiak eskuragarri daude navarra.es webgunean.