Ortziralea, haurraren eguna, denbora onarekin hasi zen. 47 haur eta 25 helduek parte hartu zuten haurren eguneko bazkarian. Arratsalde partean puzgarri eta jokuak izan zituzten eta ilunabarrean, berriz, Tukutuku txarangarekin herritik itzulia eman zuten. Gauean berriz, hain famatu bilakatu diren zopak izan zituzten eta 170 lagunetik goiti izan ziren afaltzen.
Larunbatean, denbora txarrarengatik, goizeko ekitaldiak bertan behera gelditu ziren. Arratsaldeko dantza saioa, aldiz, frontoian egiteko aukera izan zen. Postre eta tortilla patata lehiaketa ere egin zituzten eta postreetan Irune Saezek irabazi zuen eta tortillan, aldiz, Nekane Zelaietak. Mus txapelketa ere egin zen herriko elkartean, eta bertako txapeldunak Beltxa eta Kotoño izan ziren.
Igande goizean erraldoiak izan ziren eta arratsalde partean grand prixa. Egunari bukaera Bankako Menditarrek eman zioten.
Gaurko egitaraua
Gaur izanen da besten azken eguna eta egitarau bete-betea prestatu dute. 11:00etan, haurrentzako jokoak eta bizikleta martxa izan dituzte. 14:30ean zikiro jatea izanen dute Hauspolariek alaiturik. Arratsaldean, 20:00etan Hauspolariek taldeak emanaldia izanen du, eta gauerdian Gaixoak gu kantatuz bukatuko dituzte bestak.