Otsondon elkartu ziren 08:30ean eta handik Alkurruntz igotzeko asmotan hasi zuten itzulia. 66 lagun elkartu ziren, eta 21 graduko eguraldi freskoa eta lainoa izan zituzten bidean.
Lizarmeakatik abiatu ziren, eta Betarteko Kaskoan barna, Eskosko Lepora ailegatu ziren. Handik, Andregingo Lepora joan ziren eta bertan egin zuten hamaiketakoa. Eskisaroiko Lepoa, Atxuela eta Zuretako Lepoa pasata kotxeetara joan ziren. Hasierako asmoa Alkurruntz igotzea zuten, baina, laino itxia zenez ez ziren bertara joan.
Lau orduz 14 kilometro osatu zituzten mendizaleek, eta ondotik Elizondoko Mendi jatetxean bapo bazkaldu zuten.
Hurrengo hitzordua irailaren 19an izanen dute, Pirinioetan. 2.374 metro dituen Acherito mendia igoko dute.