Aurtengo Loraldiko sariak banatu ditu Arras Baztanek

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 14a, 12:00

Sei baztandar izan dira sarituak haien etxeetako fatxadak apaintzeko erakutsitako trebetasunagatik

Irudiak: Patxi Iriarte (Zaldua) eta Arkupeak

Arras Baztan Fundazioak balkoiak eta leihoak apaintzeko Baztango III. sariketa antolatu du aurten, eta lehiaketako irabazleak saritu zituzten larunbatean Arizkunenea Kultur Etxean: Maria Teresa Ibarra Elizalde (Zigaurre), Mari Jose Saldias Saldias (Elizondo), Agurtzane Goienetxe Goñi (Arizkun), Bego Arizmendi Bereau (Elizondo), Ramon Apezetxea Zubiri (Almandoz) eta Romi Bikondoa (Beartzun) izan dira sarituak.

Fundazioak eskerrak eman die parte hartu zuten 13 herritarrei, baita epaile lanetan aritu ziren Arkupeak taldeko kideei: Juan Mari Artazkoz, Ramon Lizasoain, Kristina Arregi eta Axun Irigoien. Sarituei lore sorta bana eta Arras Baztanerat atxikitutako ekoizle, saltoki eta zerbitzuetan erabiltzeko 50 euroko bono bana banatu zieten epaimahaiko kideek, udal ordezkariek eta Arras Baztaneko kideek.

Arras Baztan

«Baztango nortasunean oinarritzen den lurralde marka» da Arras Baztan Fundazioa, Bertan, Baztango Zaporeak, Apopilo, Pest, Baztango Artisauak eta bertze eragile batzuek osatua. Aurten hirugarrenez antolatu dute balkoiak eta leihoak apaintzeko sariketa, «Baztango ingurumen kalitatea eta irudia hobetzeko helburuarekin. Izan ere, Landareek eta loreek bizitzeko herri eder eta gozagarriagoak egiten laguntzen dute. Hainbertze baztandarrek egiten duten lana aitortu nahi izan da, karrikak alaitzen eta berotzen dituzten balkoi eta leiho xarmangarriengatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun