Martxan da Zesta-puntako IV. Nazioarteko Campusa Baztanen

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 9a, 19:00

Katalunia, Mexiko eta Euskal Herriko hainbat lekutako hamarnaka pilotari, haur eta gazte, parte hartzen ari dira ekimenean. Baztango udaletxera hurbildu dira gaur goizean eta alkate eta zinegotziek harrera egin diete

Berriozar Jai Alaik Nazioarteko Zesta-punta Campusa antolatu du laugarren aldiz aste honetan, Lekarozko aterpetxean. Hamarnaka neska-mutil bildu dira, Mexikotik, Kataluniatik eta Euskal Herritik etorritakoak.

Udalak azaldu duenez, «Baztan pilotalekua erabiltzen dute beren entrenamendu saioak egiteko, eta Baztango Udalak pilotalekua erabiltzea uzten diela eta, gaur udaletxera hurbildu dira txistu doinuek lagunduta». Fernando Anbustegi Baztango alkateak eta Mariano Iribarren eta Florentino Goñi zinegotziek egin diete harrera, eta bertan, Angel Gamarrak kamiseta eta domina bana eman dizkie pilotarien izenean, eskertza gisa. Gainera, Gamarrak campusaren berri eman die udal hautetsiei, eta Anbustegik eskerrak eman dizkie antolatzaile eta pilotariei euskal kulturaren eta kirolaren alde, eta bereziki zesta puntaren alde, erakusten duten konpromisoagatik. Ekitaldia akitzeko argazkia egin dute denek udaletxeko balkoian.

Ate irekiak larunbatean

Abuztuaren 12an ate irekien jardunaldia eginen dute Elizondon, Baztan pilotalekuan, 10:00etatik 14:00etara. Zesta-punta hurbiletik ezagutzeko aukera ona eta doakoa izanen da, eta kiniela bat jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun