Biolin kontzertu berezia eskaini dute Berroetan

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 31a, 14:00

Herrian bizi diren Liesbeth Baelus eta Yorrick Troman musikariek, munduko bira hasi dute, Orbit Musicians proiektuarekin

Uztailaren 30ean, Liesbeth Baelus eta Yorrick Troman musikari famatuek kontzertua eskaini zuten Berroetan. Mundu mailan ezagunak dira bi biolin jotzaileak, beraien 4 urteko alabarekin batera, proiektu ikaragarrian murgildu dira; munduari itzulia emanen diote beraien furgonetarekin. Itzuliari forma emateko, Orbit Musicians izeneko proiektua eskutik hartu dute eta musika munduko txoko anitzetara eramatea izanen dute helburu nagusia.  

Munduari eman beharreko bira, Berroetan hasi eta akituko dute, hau baita azken urteetako beraien bizitokia. Lehendabiziko kontzertu honetan, jende andana elkartu zen elizako atarian. Gainera, kolaborazioak ere izan zituzten; Amaia Kordoba, Jon Irazoki, Oihana Santxotena, Kiko Gartxitorena eta Fermin Gartxitorena beraiekin aritu ziren. Eta ezin atzendu gaueko kolaborazio bereziena; beraien alabak ere, Solveig, beraiekin kantu bat jo zuen! 

Familiaren ibilbidea jarraitzeko, instagram kontua eta webgunea sortu dute. Hor aukera izanen da emanen dituzten kontzertuak  eta biziko dituzten abenturak gertutik segitzeko!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun