DIEGO URIARTE

«Kirol gogorra da txirrindularitza, baina sufrimendu hori gozatzen dugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 28a, 19:00
Diego Uriarte Beltzunegi txirrindularia Erratzun, Finisher taldeko maillotarekin eta joan den asteburuan Madrilgo Itzulian lortutako irabazlearen maillotarekin. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Diego URIARTE BELTZUNEGI, 23 urtez beheitiko Madrilgo Itzulia irabazi berritan

2001. urtean Barañainen sortu zen Diego Uriarte Beltzunegi txirrindularia, baina gurasoak baztandarrak ditu: aita Erratzukoa eta ama Elizondokoa. «Barañainen sortua izan arren, denbora aunitz ematen dut Baztanen, erdi eta erdi naizela erran daiteke» dio. 21 urterekin (22 eginen ditu urrian), gaur egun Finisher taldearekin ari da afizionatu mailan, baina joan den astean jakinarazi zioten heldu den denboraldian, egitura bereko Kern Pharma taldearekin profesionaletara salto eginen duela. Aitzinetik Villatuertan lasterketa irabazi zuen eta larunbat honetan, 23 urtez beheitiko Madrilgo Itzuliaren azken etapa ez ezik, sailkapen orokorra ere irabazi ditu. Beraz, esne aparretan topatu dugu Erratzun, entrenamenduari ekin baino lehen.

Madrilgo Itzulian azken etapan eta sailkapen orokorrean garaile, astebete lehenago Villatuertan ere nagusi… Denboraldi honetan garaipenen bat gehiago lortu duzu?

Madrilgo Itzuliak bortz etapa zituen eta azkena irabazi eta sailkapen orokorrean ere nagusi izan nintzen. Villatuertan aitzineko igandean irabazi nuen eta ondotik erran zidaten profesionaletara pasako nintzela heldu den urtean, beraz, aste borobila izan zen. Urte hasieran Espainiako kopako proba bat irabazi nuen, Onturren (Albacete). Afizionatutan lehen aldiz joan den urtean irabazi nuen, Seguran.

Sasoi betean zaudela erran daiteke, bolada ederrean…

Errendimendu aldetik urtero mantso-mantso urratsak ematen joan naizela uste dut eta aurten nabaritu da bertze pauso bat eman dudala eta gauzak ongi atera dira.

Eta aitzinera begira, zein probak dituzu begi bistan? Zein helburu?

Abuztuan Euskal Herrian egun bateko karrerak izanen ditugu, Lehendakari Sarikoak. Eta irailean ere lasterketa batzuk eginen ditugu, egun pare bateko itzuliren bat, baina oraindik ez dakigu zehatz zein. Irail erdialdera akituko dugu denboraldia aurten. Maila honetan segitu nahi nuke, forma onean nago eta hori aprobetxatu behar dut. Gero ikusiko da irabaztea lortzen dugun, garaipenak garesti daude.

Nola definituko zenuke zure burua txirrindulari moduan? Non moldatzen zara hobekiago? Zertan hobetu behar duzu?

Gehien bat txirrindulari langilea naizela erranen nuke. Talde lanean aritzea gustatzen zait eta ihesaldiak hartzea ere gustuko dut. Maldan goiti eta zelaian ere ongi moldatzen naiz, baina egia da portu gogorrenetan gehixeago kostatzen zaidala. 1,81eko altuera dut eta malda horietan ni baino ttikiagoak bizkorrago ibiltzen dira, baina mantso-mantso ari naiz hobetzen.

Juanjo Oroz taldeko managerraren solasak zuri buruz: “Taldearengan pentsatzen du bere buruan bainio lehen eta taldekideen alde lan egiten du beti. Baina gehien erakarri gaituena denboraldi bakoitzean eman dituen aurrerapausoak dira”. Lore ederrak…

Eskertzekoa da norberari buruz horrelako hitzak entzutea. Taldean sartu nintzenetik  aitzinera pausuak eman ditut urtero, hori nabaria izan da. Printzipioz, asmo horrekin segitzen dut, urtero aitzinera egitea eta ea profesionaletan ere maila polit batera ailegatzen naizen.

Nola hasi zinen txirrindularitzan eta zer ibilbide izan duzu orain arte? Erraten duten bezain gogorra da txirrindularitza?

Hamar bat urterekin hasi nintzen CC Ermitagaña taldean. Ttikitan futbolean ere aritzen nintzen, baina txirrindularitzarako afizio handia daukagu familian, beti karrerak ikusten, Tourra ikustera ere joaten ginen. Beraz, gustukoa nuen eta probatzea erabaki nuen. Hasieran joko bat bezalakoa zen, ongi pasatzeko, baina urteekin serioago hartu dut eta orain arte!

Erraten duten bezain gogorra da txirrindularitza?

Kirol gogorra da, ez da dudarik, baina gogortasun hori gogoko dugu. Gustukoa duzunean ez duzu hainbertze sufritzen eta, azken finean, sufrimendu hori gozatzen dugu.

Heldu den urtera begira, profesionaletara salto. Nolabait zure ametsa bete duzula errana duzu… Zer helburu jartzen dizkiozu zure buruari?

Amets bat betetzea da. Azkenean, hasten garen guztien ilusioa egunen batean profesionaletara ailegatzea da, mundu mailako onenen tropel horretan zure burua ikustea, arras zaila dela jakinik. Orain badakit salto gogorra izanen dela, maila aldetik erran didate aunitz nabaritzen dela, baina mantso-mantso lanean segi eta ea maila hori lortzen dugun.

Oraindik salto handiagoa egin eta ProTour talde batera ailegatzearekin amets egiten duzu?

Hori gauza handia da. Momentuz Kern Pharma taldea niretzako leku aproposa dela uste dut. Urteak pasa ahala ikusiko da goitiago egiterik badugun.

Baduzu gaur egungo profesionalen artean eredurik edo idolorik? Zein txirrindulari duzu gogoko?

Thomas De Gent gustuko dut. Ihesaldietan aunitz ibiltzen da, talde lanean ere gogor aritzen da eta pixka bat erreflejatua ikus naiteke lan horretan. Euskal txirrindularien eredua ere beti hor izaten dugu.

Zein karreratan parte hartu nahiko zenuke profesional moduan?

Etxekoa dugu eta Euskal Herriko Itzulia egitea handia izanen litzateke. Ttikitatik beti ikusi izan dudan karrera da, beti eraman naute ikustera. Taldearentzat zaila da karrera horretan sartzea, baina ametsa izanen litzateke etxeko karreran egotea.

Txirrindularitzaz aparte, ikasten ere ari zara… Nola eta non ikusten duzu zure burua hemendik 10-15 urtera?

Lehen Hezkuntzako magisteritza ikasten ari naiz on-line, ez dit hainbertze denborarik kentzen. Baina 10-15 urtetan txirrindularitzan segitzea gustatuko litzaidake, txirrindulari izan nahi nuke. Baina profesionaletara pasatuko nintzela erran arte, inoiz ez dakizu zer gertatzen ahal den, orduan ikasketaren bat ere egin behar da.

 

HURBILETIK

Erratzu edo Barañain?

Erratzu.

Mendia edo zelaia?

Mendia.

Arrabola edo grupettoa?

Grupettoa.

Tropelean edo ihesean?

Ihesean nahiago.

Izpegi edo Tourmalet?

Izpegi, igateko errazagoa da.

Pogacar edo Vingegaard?

Pogacar.

Mikel Landa edo Pello Bilbao?

Hau zaila da, baina Mikel Landa.

Frantziako Tourra, Italiako Giroa edo Espainiako Vuelta?

Tourra.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun