Bestak 2023

Haurrek eta gazteek ederki pasatu dute Elizondoko besten hirugarren egunean

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 27a, 12:00

Elizondoko Santiago besten erdia baino gehiago joan da eta hirugarren egunean, bereziki haurrek eta gazteek ederki pasatu zuten, eguzkia lagun oraingoan. Kuarteleko zelaian egindako kuadrillen bazkarian 400 lagun baino gehiago bildu ziren eta haurrek erraldoi eta buruhandien konpartsarekin gozatu ahal izan zuten. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Ttikienek, gainera, goiz-arratsaldez puzgarrietan saltoka ibiltzeko aukera izan zuten. Gazteak, berriz, kuadrillen bazkariaren ondotik Elektrokela eletrotxarangarekin karrikaz karrika ibili ziren, Beti zurrutak, Falfarak, Aise eta Amezti elkarteak bisitatuz.

Trikidantz taldeak eta Olaia Inziartek denak dantzan paratu zituzten eta dantza herrikoiak ere izan ziren Ziga plazan eta mutildantzak Foruen plazan.

Azken txanpan sartuak

Azken bi egunetan sartuak dira Elizondoko bestak. Ortzegun goizeko ekitaldien ondotik, eguerdian Recreo bandak emanaldia eskainiko du Iriarte pilotalekuan eta bertze hainbat ekitaldi izanen dira gaur arratsaldean eta bihar, bestetako hondar egunean.

Uztailak 27, ortzeguna
12:00etan Elizondoko Recreo bandaren emanaldia Iriarte pilotalekuan. 16:30ean Elizondoko XI. Mus txapelketa Xalbador karrikan. 17:00etan Txaruta elkartearen pilota partida Baztan pilotalekuan. 17:00etan Los Tajudos del Norte zahar etxean. 17:00etan ginkana plazan, ondotik txokolatada Ahaztuen plazan. 17:30ean Elizondoko I. Boneta Jaurtiketa txapelketa Giltxaurdi karrikan. 19:00etan bertso saioa plazan: Saioa Alkaiza, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Aitor Mendiluze. Ondotik mutil dantzak eta dantza herrikoiak. 22:30ean kontzertuak plazan: The Drunken Barrels eta Kamuts.

Uztailak 28, ortziralea
09:30ean dianak. 11:00etan erraldoi eta buruhaundien konpartsa (Herriko etxea, Jaime Urrutia, Opoka, Erlategi, Baztan berri, Maurizio eta Felix plaza, Abartan, Xalbador karrika, Giltxaurdi, zahar etxea). 14:00etan zikiro jatea Iriarte pilotalekuan (txartelak uztailaren 13an 19:30ean Herriko etxean salgai). 17:30ean Azken eguzkilorea haurrendako antzerkia plazan. 19:00etan Hauspolariek plazan. 21:00etan mutil dantzak eta dantza herrikoiak. 00:00etan Gizajoa ni eta kalejira plazatik abiatuta. Ondotik DJ Piek plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun