Arraioz eta Berriozar nagusitu dira Herriz Herri txapelketako Elizondoko jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 26a, 15:00
Arraiozko arpanlariak lanean, garaile suertatu ziren lehen konbinatuan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Atzoko saioan, baztandarrak lehenak izan ziren lehen proba konbinatuan eta Berriozarkoak bigarrenean.

Nafarroako Herri Kirol Federazioak Herriz Herri txapelketa antolatu du aurten ere. Beran larunbatean jokatutako lehen jardunaldiaren ondotik, Elizondoko bestetako egun handian egin zen bigarren jardunaldia. Kategoria nagusian Arraioz, Basaburua, Berriozar eta Txantrea aritu ziren lehian.

Bi proba konbinatutan lehiatu ziren. Alde batetik lehenengo proban bortz modalitate izan zituzten. Lagun bat lokotx biltzen aritu zen, ondotik bi lagunek 30 kiloko zakua dutela bi itzuli eman zizkioten 160 metroko plazari, gero aizkoran aritu ziren, lasterka egin zuten gero, txandaka bi lagun, eta plazari bakoitzak hiru itzuli eman zizkion 480 metro osatu arte. Bukatzeko arpanean aritu ziren bikote mistoak, etzanda jarritako metroko enborrari lau korte eginez. Lan hauek hiru aldiz egin zituzten. Arraioz izan zen bizkorrena (23 minutu eta 45 segundo), Basaburua bigarren (24 minutu eta 38 segundo), Berriozar hirugarren (25 minutu eta 36 segundo) eta Txantrea laugarren (28 minutu eta 19 segundo).

Iñaki Telletxea koxkor biltzen Arraiozekin. Argazkia: Ondikol

Bigarren proba konbinatuan bi kiroletan lehiatu ziren: txinga eramaten eta ingudea altxatzen. Lehenengo modalitatean 10 plaza osatu behar zituzten ahalik eta azkarren, emakumeek 25 kiloko txingarekin eta gizonezkoek 50 kilokoarekin. Ingude altxatzean, eta minutu batean ahalik eta altxaldi gehien eman behar zituzten, gizonezkoek 18 kiloko ingudearekin eta emakumezkoek 9 kilokoarekin. Bi modalitatetan Berriozar nagusitu zen eta honela, 8 puntu eskuratu zituen. Bigarren postuan berdinduak gelditu ziren Arraioz eta Basaburua, bosna punturekin. Arraioztarrak bigarren izan ziren txinga eramaten eta hirugarren ingudearekin eta Basaburua alderantziz. Txantrea laugarren izan zen bi probetan eta bi puntu eskuratu zituen.

Lau jardunaldi eta finala jokatuko dituzte eta talde bakoitzak bi jardunaldi jokatuko ditu. Jardunalditako lau talde onenak pasako dira finalera.

Lau saio eta finala

Berako eta Elizondoko saioen ondotik, hirugarren jardunaldia ere eskualdean jokatuko da. Abuztuaren 6an, igandean, eginen dute eta eguraldiaren arabera Igantzin edo Sunbillan izanen da. Bertan, Arantza, Igantzi, Iturgoien eta Sunbilla lehiatuko dira.

Azken jardunaldia, aldiz, Burlatako Ezkabazal plazan jokatuko dute abuztuaren 19an, larunbata eta Basaburua, Berriozar, Iturgoien eta Txantrea lehiatuko dira.

Finala Antsoaingo kiroldegian jokatuko dute abuztuaren 26an, 18:00etan, eta proba konbinatu bakoitzean sailkatutako lau talde onenak ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun