Jokabide matxistei aurre egiteko Brigada Morea izanen da Elizondoko bestetan

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 21a, 12:00

Iaz Elizondoko bestetan gertatuko erasoei erantzuteko egin zen elkarretaratzea. Fernando Anbustegi

Baztan Iñarrosi taldeak eta Elizondoko Besta Batzordeak antolatu dute egitasmoa bigarren urtez. Erasotuak izan diren emakumeak babestea da brigadaren funtzio nagusia eta bertako kideek zinta more bat izanen dute besoan identifikatu ahal izateko. Emakumeei* brigadan parte hartzeko deia egin diete eta bilera izanen da gaur 20:00etan gaztetxean

Antolatzaileek adierazi dutenez, «azken urteko irakaspenek erakutsi digute indarkeria matxista guk uste baino txoko gehiagotan dagoela, eta ez duela forma bat eta bakarra. Horregatik, garrantzitsua da horiei aurre egiteko prest egonen den jende ahalik eta gehien batzea». Horregatik prestatu dute Brigada Morea bertze behin, «emakumeek* osatzen dugun talde zabala da, besoan banda more bat eramateagatik identifikatu daitekeena».

Helburu nagusia argi dute; «erasotua izan den emakumea babestea, eta erasoaren ondoko prozesuan akonpainamendua egitea. Era berean, Brigada Morea izango da erasoaren aitzinean emanen den erantzuna kudeatu eta horren nolakotasuna zehaztuko duena».

Emakumeek* brigadan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. Horretarako whatsapp taldea sortu dute (egin klik hemen sartzeko) eta bilera eginen dute gaur 20:00etan Baztango Gaztetxe parean. Bertan, prestatutako protokoloaren berri emanen dute eta tela zati moreak banatuko dituzte.

Honez gain, «garrantzitsua da Brigada Morearen antolakuntza eta erabakiak errespetatzea, eta horiei babesa ematea. Bide horretan, gizonen jarrera funtsezkoa da. Emakumeok* indarkeria matxistari aurre egitean jasaten dugun inkrepazio eta kontraerasoen aurrean, gurekin posizionatzeko gai izan behar dira gizonak».

Azkenik, azpimarratu dute «ez dugula inongo indarkeria matxista, LGTBfobiko edo bertze motatako zapalkuntzarik betikotzen duen jarrerarik onartuko, eta egoten ez badakizu, hobe duzula etxean gelditu».

Udala ere erasoen kontra

Baztango Berdintasun Zerbitzuak adierazi duenez, «genero desberdintasuna errotik eraldatzeko, beharrezkoa da emakumeek eta LGTBI+ kolektiboko pertsonek pairatzen duten diskriminazioa eta indarkeria sexistak artatzea eta horri erantzun koordinatu bat ematea». Horregatik, apirileko osoko bilkuran udalak 'Baztango Emaztekien Kontrako Indarkeriaren aitzinean Jarduteko I. Koordinazio Protokoloa' onartu zuen.

Protokoloak indarkeria mota aunitz barne hatzen ditu, «adibidez irainak, mehatxuak eta mesprezuak». Horren adibide, bertzeak bertze, mutil dantzak: «herritar guztiak Elizondoko plazan mutil dantza parekidean parte hartzera gonbidatzen ditugu, eta, bide batez, prebentzio gisa, hortik kanpokoak ez dantzatzeko eskaera ere egiten dugu, gure kulturaz eta folkloreaz berdintasunean eta elkarbizitzan oinarritutako baloreetan gozatzea bermatzeko».

Gizon heldu eta gazteei dei egin diete, «indarkeria guztiak ezabatzearen aldeko bidean lagun dezaten eta jokabide sexista eta indarkeria sexualen konplize izan ez daitezen». Edozein eraso gertatzen bada, Brigada Morera jotzera animatu dituzte herritarrak, protokoloa martxan paratzeko. Honi buruz gehiago jakiteko egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun