Bestak 2023

«Gehien gustatzen zaidana egitea eta jendeak disfrutatzen duela ikustea ikaragarria da»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 21a, 11:30

Elizondoko 27 urteko gaztea da Aimar Oskariz Ursuegi. Musika estilo guziak aditzea du gustuko, «baina batez ere elektronikoa».

Zaletasun honek eraman zuen DJ izatera: «beti gustatu izan zait musika, baina 15 urterekin piztu zitzaidan musika elektronikorako interesa, eta nire kabuz saltsatzen hasi nintzen. Kontroladore ttiki bat erosi nuen eta etxeko ordenagailuarekin kantak nahasten nituen». Hasmentan lagunarteko kontua izan zen; «gure arteko afariak eta bestak egiten genuenean paratzen nuen musika».

Etxetik plazara

2015ean izan zuen bere musika plazaratzeko lehen aukera: «Elizondoko Gazte Egunean gaztetxean aritzea proposatu zidaten eta animatu nintzen. Tech House musika paratzen nuen orduan. Musika elektronikoa berritasun bat zen, ez baitzen hain zabaldua». Horren ondotik «Doneztebeko Cafetik ‘The moment’ saiorako deitu zidaten, eta han ezagutu nituen inguruko bertze DJ batzuk. Nire nahasketak gustatu zitzaizkien, eta Iruñeko diskoteketatik deitzen hasi ziren». 2017an Elizondoko Lur aretoko DJ egin zuten; «Lesakako Ion Gurutxetekin batera».

Hasiera hartatik aunitz aldatu da afera; «hobby gisa hasi nintzen, gustatzen zitzaidalako, eta ez nuen espero herriko plazetan eta diskoteketan musika paratzen akituko nuenik». 

Gaur egun Nafarroa osoan egiten du lan; Elizondon, Iruñean, Tafallan… «gehienbat musika elektronikoa paratzen dut, Techno eta Hard Techno, baina noizbehinka ezkontzetarako eta dantzaldietarako ere deitzen didate».

Hasi zenetik denbora pasatu bada ere, «eszenatokira igo aitzinetik urduri egoten naiz beti, urteekin aldatu ez den sentsazioa da hori. Dena ongi ateratzea nahi izaten dut eta tentsio puntu hori hor egoten da. Batez ere plaza edo areto haundia baldin bada, burua goratu eta jendetza ikustean. Ez naiz sentsazio horretara jartzen».

Hala ere, «musikarekin hasi eta urduritasuna pasatzean, pila bat disfrutatzen dut. Azaldu ezineko sentsazioa da, gehien gustatzen zaidana egiten aritzea eta jendeari gustatzen zaiola eta erantzun ona duela ikustea. Arras polita da. Honengatik segitzen dut musikarekin».

DJ lana igeltsero lanarekin uztartzen du; «musikatik bizitzea zaila da, eta Euskal Herri edo estatu mailan gehiago. Egia da elektronikaren kultura zabaltzen ari dela, orain arte gehienbat musika komertziala aditzen baitzen, baina ez da erraza. Hala ere, kontent nago egindako ibilbidearekin». 

Bestetarako gogotsu

Elizondoko bestetan musika paratzeko deitu izan diote urte luzez, «baina joan den urtean saioa nik antolatzea erabaki nuen, udalaren laguntzarekin. Inguruko DJ lagunei deitu nien eta jaialdi ttiki bat egin genuen. Bestetan musika elektronikoa aditzeko aukera eman nahi nien herritarrei, eta jendeari gustatu zitzaiola ikusita aurten ere eginen dugu». 24ko gauean egiten dute saioa; «lehenbiziko eguna denez, jendeak gogarekin hartzen du. Gainera, saioa guztiz debalde da eta musika elektronikoa gustuko duten guziendako irekia».

Baina musika ez ezik, gaztetatik gustuko izan du besta eta gaueko giroa ere. «Santioetan gehien gustatzen zaidana kuadrillen eguna da, lagun dezente biltzen gara eta herriko gazte gehienak ezagutzen ditugunez, polita da denak elkartzea».

Norberaren herriko bestak dira beti berezienak, eta Oskarizen kasuan ere hala da; «urteko besta hoberenetarikoak dira niretako. Urte osoan ikusi ez ditudanekin egoteko eta disfrutatzeko aukera ematen dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun