Bestak 2023

«Kultur taldeek alaitasuna eta bizia ematen diote herriari, eta ezin ditugu galtzen utzi»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 21a, 11:00

Elizondon bizi den 26 urteko gaztea da Asier Bertiz Gaztelumendi, musika eta mendia zaletasun dituena. Elizondoko Gaiteroak taldeko kide da, eta herrietako bestetan karrikak alaitzen aritzen da gaitaren soinuaz.

Hastapenak

Duela hamar bat urte sartu zen gaitaren munduan, «gaitero aitzinetik txistularia izaki, mundu honetan murgilduta egoteak gaita ikasteko aukera ere eman zidan. Gure kultura eta folklorearen parte izanda, ezin nion aukerari ezetzik eman».

Aitortu duenez, «ez naiz inoiz aunitz entseatzen duten horietatik izan, baina orain uda datorrela eta herriko bestak hurbil direla, astean behin edo bitan entseatzen saiatzen naiz. Hala ere guttitan lortzen dut, ez baitzait gustatzen etxean entseatzea, inguruko barrideei ez molestatzeko». 

Azaldu duenez, «instrumentu guziek dute bere zailtasuna, baina gogoz eta ilusioz hartuz gero, erraz hartzen zaio neurria gaitari».

Plazaz plaza

Gaur egun, 6-8 musikari inguruk osatzen dute Elizondoko Gaiteroak, «baita gibeletik ilusioz eta indarrez heldu diren bertze hainbertze ikasle ere». Udan hasi da gaiteroen goi-denboraldia, eta hainbat bestetan eta ospakizunetan arituko dira jotzen. Hala ere, «modu batera edo bertzera, urte guzian ibiltzen gara harat eta honat bai txistu eta baita gaitarekin ere».

Bestetatik kanpo ere instrumentu hau plazaratzeko, bailableak jotzen aritu dira azken hilabeteetan Baztango herrietan. «Normalean hilabeteko bigarren igandean jotzen ditugu, bi hilabetetik behin Elizondon, eta gainontzekoetan inguruko herrietan». Jende ugari hurbiltzen da herriko plazara; «kontent gaude herriek ematen diguten harrerarekin, jende dezente agertzen baita gurekin dantzatzera. Giro polita sortzen dela ikusten dugu».

Bertiz Elizondoko karriketan gaita jotzen. Irudia: Festak.com

Kultura bizirik mantentzen

Gaitari etorkizun ona ikusten dio Bertizek: «Baztanen behintzat urte batzuetarako badugu. Nafarroan aspalditik ditugu gaiteroak non-nahi, baina Baztanen duela ez aunitz arte ez zen bertako gaiterorik. Kanpotik ekartzen ziren herrietako bestak alaitzeko. Orain berriz gaitero parrasta bat bagara bailaran, gaitaren etorkizuna bermatzeko».

Gaiteroa ez ezik, dantzaria ere bada; «Baztango Dantzariekin ibili izan naiz dantzan duela urte pare bat arte, eta dantzan ikasteaz gain, Nafarroako, Euskal Herriko eta inguruko folklorea ezagutzeko aukera eman dit». Izan ere, «gure folklorea kulturaren parte da, eta talde kulturalak dira herriaren kultura mantentzeko lan egiten duten eragileetako batzuk». Gainera, «modu batean edo bertzean, talde hauek alaitasuna eta bizia ematen diote herriari. Hortaz, ezin ditugu galtzen utzi».

Bestetarako prest

Bestazale amorratua ez den arren, «gustuko dut besta egitea, eta Santioen partaide izaki, eguneko giroaz gozatzeko aukera izaten dut, nahiz eta indarrek uzten duten neurrian gaueko girora ere ailegatzen garen».

Ttikitatik ezagutu du besta giroa; «nire lehen oroitzapenak buruhaundien aitzinetik lasterka ibiltzen dira. Egia erran, inoiz ez zaizkit gehiegi gustatu, baina badakigu zer gertatzen den lasterkarik egiten ez bada…».

Gaur egun, berriz, «Santio eguneko Elizondoko bandaren eta konpartsaren kalejirarekin eta plazako giroarekin» disfrutatzen du, eta «azkeneko egunean jotzen ditugun bailableak ere azpimarratuko nituzke». Hala ere, «bestetako jarduera bat aukeratu beharko banu, azken eguneko zikiro jatea eta ondotik txarangarekin izaten den kalejira aukeratuko nituzke».

Herriko bestek «lagunartean egoteko aukera ematen dute, eta hori da gehien baloratzen dudana. Elizondoar guziei eta herrira bestetara hurbiltzen zareten horiei ere, besta ederrak pasa eta behar bezala ospatu! Gora Santioak!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun