Bestak 2023

«Bestetan txupinazoa botatzeko gogotsu nago»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 21a, 10:00

Elizondoko 10 urteko neska gaztea da Jone Olazar Irigoien, baina argitu duenez, «11 urte eginen ditut aurten». Futbolean aritzea eta marraztea gustuko du, eta Lehen Hezkuntzako borzgarren maila akitu berri du eskolan. Natur Zientziak ditu gustukoen, «klasean ematen duguna gustatzen zaidalako». Hala ere, oraindik ez du erabaki etorkizunean zer ikasiko duen.

Izan ere, eskola akituta, udako oporretan pentsatzen ari da orain Olazar, eta argi du zer eginen duen; «lagunekin egon». Eta noski, herriko bestetarako gogotsu dago, eta ez da guttiagorako, txupinazoa botako baitu aurten. Marrazki lehiaketan bere lana izan da aukeratua; «erraldoiak, buruhaundiak, dantzariak, pertsona batzuk trikitixa eta pandereta jotzen eta haurrak lasterka margotu ditut».Marraztea gustuko badu ere, aitortu duenez, «ez dut aunitzik marrazten». Talentua daukala behintzat argi utzi du. Santioei begira, «barraketan ibiltzea eta buruhaundien aitzinetik lasterka aritzea» dira bere asmoak. Ongi pasa bestak!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun