Bestak 2023

«Elizondoko bestetan txupinazoa botatzea ametsa da niretako»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 21a, 10:30

Bi lagunek botako dute aurten Elizondoko bestetako txupinazoa, bi marrazki lehiaketen bidez aukeratuak; lehenbiziko lehiaketa ikasetxeetan egin dute, bigarrena, aldiz, Benito Menni ospitale zentroan. Oihane Sagardia gizarte hezitzailerakin eta Siomara lehiaketako irabazlearekin solastatu da TTIPI-TTAPA.

Sagardiak azaldu duenez, «egun batean, erabiltzaile batekin hizketan nintzela, Elizondoko bestetako txupinazoa botatzea gustatuko zitzaiola aipatu zidan, eta niri ere arras ideia ona iduritu zitzaidan. Horren harira, Elizondoko Bestetako komisioko kide batekin egon nintzen, eta txupinazoa botatzeko aukera eman ziguten. Irabazlea aukeratzeko, marrazki lehiaketa bat antolatu genuen».

Izan ere, «beraien egunerokotasunari begira, orduak eta orduak igarotzen dituzte eskulanak zein marrazkiak egiten. Beraientzat arras motibagarria eta erlaxagarria izaten da. Honez gain, zentroan ere bestetako programa bat egiten dugu eta polita iduritu zitzaigun erabiltzaile batek egindako marrazki batekin apaintzea».

Lehiaketari buruz jakin bezain fite, margoak hartu eta irudimena astintzen hasi ziren erabiltzaileak; «arras kontent paratu ziren, aunitz gustatu zitzaien proposamena». Benito Menniko unitate bateko 23 erabiltzailek parte hartu zuten, eta Siomara izan da irabazlea.

Siomarak egindako marrazkia.

Bestetarako gogotsu

31 urteko neska alaia da Siomara, «marrazketa aunitz maite duena». Bere marrazkian zer agertzen den azaldu digu: «dantzari batzuk irudikatu ditut, bestetan pentsatzen ari nintzenean burura etorri zitzaidan lehenbiziko gauza izan baitzen. Aunitz maite dut dantzatzea!».

Txupinazoa botatzeako gogotsu eta «arras kontent» dago, «eguna ailegatzeko irrikan nago». Hala ere, aitortu duenez, «ez nuen inondik inora espero. Nire marrazkia polita da baina nire lagunena ere, denok merezi genuen irabaztea».

Neska bestazalea da Siomara, eta aunitz gustatzen zaizkio santioak, hainbat arrazoirengatik: «lehenik eta behin musika eta dantzak aipatuko nituzke, bertako kanta zein dantza tipikoak aunitz gustatzen zaizkidalakoz. Oraindik ez dakizkit guztiak, baina ikasteko gogotsu nago». Honez gain, «herrian sortzen den giroa arras atsegina iruditzen zait, eta janaria ere gustuko dut, egun bereziak direnez, janari berezia izaten baitugu».

Azkenik, txupinazoa botatzeko aukera eman diotenendako, esker oneko hitzak bertzerik ez ditu; «hemen bizi naizenetik urtero joan naiz txupinazoa ikustera, eta beti pentsatzen nuen egunen batean ni izanen nintzela txupinazoa botako zuena. Zuei esker, nire ametsa beteko dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun