Auzolan deialdia egin dute Elizondon larunbat goizerako

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 20a, 12:30
Elizondoko karrika nagusietako espaloietako belarrak kendu eta Jorge Oteizak herriari utzitako eskultura pintatuko dute.

Elizondoko alkateak eta kargodunek uztailaren 22an, larunbatean 09:00etatik 11:00etara auzolana deitu dute. Espaloietan dauden belarrak moztu eta Jorge Oteizak Elizondoko herriari emandako eskultura pintatuko dute.

Elizondoko Foruen Plazan geldituko dira, larunbatean 09:00etan. Lanetako bat herriko karrika nagusietako espaloietan dauden belarrak moztea denez, beharrezkoa izanen da desbrozadora eramatea. Jorge Oteizak herriari emandako eskultura ere pintatuko dute.

Auzolanean parte hartu nahi duenak, aitzinetik izena eman dezake, izen-abizenak eta Nortasun Agiriaren zenbakia 699 31 45 14 telefonora bidaliz. Izena ematen dutenak aseguratuak egonen dira. Auzolana goizean bakarrik izanen da eta, akabailan, hamaiketakoa emanen zaie parte-hartzaileei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun