IDEA enpresarekin zuen kudeaketa kontratua etetea erabaki du Elizondoko Zahar Etxeko patronatuak

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 19a, 13:00
Elizondoko zahar etxeko zaharberritza lanak akitutakoan 99 egoiliarrendako lekua izanen da. Gaur egun 155 plaza ditu.

4 milioi euroko laguntza bada zaharberritze lanak egiteko eta trantsizio prozesu hori udalak zuzenean kudeatu beharrekoa dela uste dute

Gaur goizean egindako saioan, Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzako Patronatuak IDEA enpresarekin zuen kudeaketa kontratua etetea erabaki du aho batez. EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari esker, Baztango Udalak 4 milioi euro hartuko ditu Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzaren erreformaren lehenbiziko fasea egiteko.

Orain 155 plaza ditu egoitzak eta zaharberritze obrak akitzean 99 egoiliarrendako tokia izanen du

Hemendik hilabete gutira abiatuko dira lanak, eta lanak hasi baino lehen adinekoen egoitzako hamarnaka egoiliar lekualdatu beharko dira, izan ere, gaur egun 155 plaza ditu adinekoen egoitzak eta zaharberritze obrak (3 faseak) akitutakoan 99 egoiliarrendako lekua izanen da.

Gaur egun adinekoen egoitza IDEA enpresak kudeatzen du, eta bere kontratua 2024ko lehen seihilekoan akitzen da. Justu falta diren hilabete horietan Francisco Joaquin Iriarte egoitzan aldaketa aunitz egin behar dira. Tartean, erreforma lanen aitzinetik, Baztango udalak egoiliarrak lekualdatzeko prozesu konplexua martxan jarri behar du, IDEArekin duen kontratua nolabait aldatuz, izan ere, enpresari egoiliar gehiago ez hartzea eskatu dio, «gero husten lan gehiago izanen dugulako».

Obrak hasi aitzineko hilabeteak, trantsizio hilabeteak, lan handikoak eta ardura handikoak izanen dira, «pertsonak daudelako tartean, gure adinekoak».

Bide batez, 4 milioi euroko laguntza ongi kudeatu beharreko kontua da, eta Baztango Udaleko Gobernu Batzordeak uste du trantsizio prozesu hori Baztango udalak zuzenean kudeatu beharrekoa dela.

Hori dela eta Patronatuak IDEA enpresarekiko kontratua etetea eta Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzaren kudeaketa zuzena berreskuratzea erabaki du aho batez.

Erreforma lanak

Bertzalde, gaurko saioan, Fernando Anbustegi batzorde buruak adinekoen egoitzan egin beharreko lanen inguruko informazioa ere eman du. Egoitza berritzeko lanak 2024ko udaberrian hasiko direla uste dute, eta aitzinetik, aurten irailean, lanen lizitazioa abiatuko da.

Eskubide Sozialen eta Agenda 2030 ministerioaren 4 milioi euroko laguntza agertzen duen ebazpenaren arabera, lehenbiziko faseko lanak 2025eko azaroaren 30erako akitu beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun