Diego Uriarte txirrindulari erratzuarra Kern Pharma taldearekin arituko da hurrengo denboraldian

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 18a, 19:00
Irudia: Equipo Kern Pharma.

Sub-23 kategoriatik maila profesionalera eginen du salto ziklista gazteak

Diego Uriarte, Barañainen bizi den erratzuarra, Finisher taldearekin hasi zen jubenil mailan, eta sub-23 kategorian aritu da azken aldian. Bertan erreferentziazko txirrindularia izan da, eta hiru garaipen lortu ditu: San Juan Sari Nagusia 2022an; LXIX. Gran Premio de Primavera Ontur 2023an eta V. Trofeo Electricidad Robert Innova aurten ere. Orain bertze pauso bat eman du bere ibilbidean, eta Kern Pharma elite taldean hasiko da hurrengo denboraldian.

Juanjo Oroz taldeko manager orokorrak adierazi duenez, «taldearengan pentsatzen du bere buruan baino lehen, eta taldekideen alde lan egiten du beti. Baina gehien erakarri gaituena denboraldi bakoitzean eman dituen aurrerapausoak izan dira, jubenilekin ailegatu zen taldera eta bilakaera arras ona izan du. Jarrera eredugarria dauka, taldearen interesak lehenesten ditu eta ausarta da. Sub-23ko etapa erakustaldiak eginez bukatu du, bide mota guztietan ongi moldatuz, taldean lan eginez eta lehian ongi arituz. Gurekin urte aunitzez egotea gustatuko litzaiguke». Oraingoz, taldean bere lekua izanen du 2025era arte. Zorionak!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun