Oronoz-Mugairiko autobus geltokia eta aparkalekua eraikitzeko obrak esleitu dituzte 750.000 euroren truke

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 18a, 18:00
Oronoz-Mugairiko eremu honetan hiru autobus eta 21 autorendako aparkalekua egokituko da.
  • Next Generation funts europarren finantzamenduarekin eginen den lan hau laster hasiko da eta eraikuntza enpresak hilabeteko epea izanen du dena akitzeko.
  • Gune berria bi eremutan banatuko da: autobusak aparkatzeko eta maniobratzeko eremu bat eta aparkaleku publikorako bertze eremu bat.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 753.245,16 euroren truke esleitu ditu Oronoz-Mugairiko autobus geltokia eta aparkalekua eraikitzeko obrak. Next Generation Europako funtsen kontura finantzatutako lanak laster hasiko dira, eta inguruko garraio publikoko joan-etorriak errazten eta bide segurtasuna hobetzen lagunduko dute. Obra eginen duen enpresak, Construcciones Mariezcurrena SLk, lau hilabeteko epea izanen du obrak egiteko.

Geltoki berria NA-8303 errepidean egonen da, alegia Martín Urrutia etorbidean, gaur egun autobus baterako plaza batekin hornitutako aparkalekua osatzen duten zelaiguneetan. Nabarmentzekoa da eremu hau, lanpostura joateko ibilgailua partekatzen duten gidarien topaleku dela eta horrek trafikoaren etengabeko mugimendua eragiten duela. Horrez gainera, medikuaren kontsultategitik metro guttira dago, beraz, erabiltzaileen aldetik aparkaleku plazen eskaria dago.  

Oronoz-Mugairi, komunikazioen arloan, Baztan-Bidasoko gune nagusietako bat da, N-121-A eta N-121-B errepide garrantzitsu biren bidegurutzean baitago.

Hiru autobus eta 21 aparkalekurako tokia

​​​​​​​Lanen ondotik, gune berria bi eremutan banatuko da: alde batetik, autobusak aparkatzeko nahiz maniobratarako eremu bat eta bertzetik, aparkaleku publikorako bertze bat.  

Autobusen erabilerarako guneak, 1.500 metro koadro ingurukoa, aldi berean hiru autobus aparkatzeko moduko hiru dartsena izanen ditu. Ibilgailu hauetarako aparkaleku eremuen zabalera gutxi gorabehera 8 metrokoa izanen da eta luzera, 12 metrokoa. Nasen luzera ere 12 metrokoa izanen da eta zabalera 3koa, erabiltzaile mota ororen irisgarritasuna eta mugikortasuna ahalbidetuz.

Trukagailuak espaloi perimetral bat izanen du, haren bitartez nasa batera edo bertzera iritsi ahal izateko.

Aparkaleku publikorako guneak, bertzalde, 1.200 metro koadroko azalera izanen du, 21 ibilgailurako lekuarekin eta mugikortasun murriztuko pertsona batentzat erreserbatutako lekua ere izanen du.

Aparkalekuan sarrera-gune hala nola irteera gune bakarra izanen dira erabilgarri, NA-8303 errepide ondoko espaloian kokatuta, beraz, trafikoa zirkulazio noranzko bakarrean ibiliko da. 

Zirkulazio bidearen zabalera, gutxi gorabehera 6,50 metrokoa izanen da eta aparkaleku plazen dimentsioak, 5 metroko luzera eta 2,40tik 2,50ra arteko zabalerakoak lirateke. 

Argiztapenaren harira, espaloietan argi-gune eraginkorrak ezarriko dira, 9 eta 4 metroko altuerako zutabeen gainean kokatutako LED luminariak direla medio. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun