Baztango Udalak gonbidatu bereziak izan ditu Baztandarren Biltzarrean

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 17a, 13:30

Baztandarra Txirrindularitza Taldeko ordezkariak eta Jon Pacheco futbolaria gonbidatu zituzten udaletxera, oroigarri bana emateko egindako ibilbideagatik. Pachecok, ordea, ezin izan zuen bertaratu.

Baztango Udalak adierazi duenez, «atzo egun ederra bizi izan genuen Baztanen. Bertze behin ere baztandar guztien elkargune den Baztandarren Biltzarra egunaz gozatzeko aukera izan genuen aunitzek. Baztango Udaletik zoriondu eta eskertu nahi ditugu ospakizuna ahalbidetzen duten ehunka lagunak, bai antolakuntzan eta baita egunean parte hartzen ere. Zinez ederra da euskara ardatz hartuta, Baztango herritarrek bat eginik besta zoragarri honetan parte hartzeko aukera».

Urtero bezala, Batzar Nagusiko kideak eta mugakideak diren udalerrietako hautetsiak gonbidatu zituzten udaletxeko balkoitik orgen desfilea ikustera. Gainera, azken urteetan hainbat eragileetako ordezkariak gonbidatu izan dituzte eta atzo ere gonbidatu bereziak izan zituzten.

Alde batetik, Baztandarra Txirrindularitza Taldeko ordezkaritza gonbidatu zuten, aurten 40 urte bete baititu kirol taldeak. Azken urteetan indarberrituta heldu den taldea zoriondu eta oroigarri eman zioten.

Bertzetik, Jon Pacheco Dozagarat futbolari elbetearra ere gonbidatu zuten, baina oporretan izaki, ezin  izan zen joan. Hala ere, ahal duenean udalera hurbildu eta oroigarri bat emanen diote. Azken urteetan Real Sociedaden aritu izan da Pacheco, eta Eurokopan txapeldunorde izan da. Udalaren erranetan, «umiltasuna bidelagun hartuta bide ederra osatzen ari da Jon, eta Baztango jendearen erreferente bilakatu da dagoeneko, batez ere ttikienendako».

Azkenik, «Baztandarren Biltzarrak 60 urte bete ditu, kimu berriek bestaren antolaketaren ardura hartu dute eta besta biziberritu da. Aunitz urtez Baztandarren Biltzarra!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun