Baztandarren Biltzarrak 60. edizioa ospatu zuen atzo Elizondon, eta giro ederra izan zen herriko karriketan egun osoan. Eguraldi ezin hobearekin, ohiko egitaraua izan zuen bestak: goizean orgen desfilea eta artisauen azoka, ondotik bazkaria eta sari banaketa Merkatuko zelaian, eta eguna borobiltzeko kontzertuak eta besta pilotalekuan. Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek antolatua eta baztandarrek auzolanean aitzinera eramandako besta izan zen bertze behin.
Orga apainduen desfilea
Iturengo joaldunek ireki zuten desfilea, eta orain arte Baztandarren Biltzarra elkarteko kide izandakoak arduratu ziren banderak eramateaz, azken urteetan egindako lana aitortu eta eskertzeko. Orgei dagokionez, 14 bakarrik atera ziren, ohiko 15ak izan beharrean. Izan ere, dena prestatzeko lan handia egin ondotik, karroaren ardatza hautsi zitzaien iruritarrei azken orduan, eta ezin izan zuten parte hartu.
Gainerako herriek ordezkaritza izan zuten desfilean, eta orga ikusgarriak eta antzerki umoretsuak aurkeztu zituzten. Musika eta dantza ere ez ziren faltatu: Euskal Herriko txoko guztietako dantza taldeak izan ziren herriko karriketan, baita Baztango eta eskualdeko musikari eta dantzariak ere.
Bazkalondoan sari banaketa egin zuten, eta joan den urteko hiru herriek osatu zuten podiuma berriz, ordena aldatuta: Gartzain irabazle, Ziga bigarren eta Elbete hirugarren. Gartzaindarrek XX. mendera arte etxalde gehienetan artoari ematen zitzaion erabilera irudikatu zuten orga ikusgarriarekin; ereite eta bilketatik, irin eta taloen prestaketaraino. Zigatarrek txondorraren funtzionamendua eta ikazkinen lana erakutsi zuten organ, baita ikatzaren salerosketa ere, antzerki bikainarekin. Elbetearrek 38 urte bete dituen Autxitxia gasnategia eta aurten erretiratu den Ramon gasnagilea omendu nahi izan zuten, gasna egiteko prozesu osoa erakutsiz orga eder batean.
Eguna ongi akitzeko, dantzaldia izan zen arratsaldean frontoian Trikidantz eta Gabezin taldeekin, baita DJ TirryErdi ere goizeko ordu ttikiak arte.