Hiru zauritu Aniztik hurbil atzo iluntzean izandako autoa istripuan

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 17a, 08:45

Ezbeharraren abisua 21:25 aldera hartu zuten Larrialdi Zerbitzuek. Istripua NA-2540 errepidean gertatu zen, Berroeta eta Aniz artean 2. kilometrotik hurbil, ibilgailua bidetik atera eta 40 metro baino gehiago maldan beheiti erori ondotik.

Jakitera eman dutenez, anbulantziek 31, 41 eta 53 urteko hiru gizonezko eraman zituzten Nafarroako Unibertsitate Ospitalera. Zaurituetako bik, 31 eta 41 urteko gizonezkoek, polikontusio arinak zituzten; hirugarrenak, 53 urteko gizonezkoak, buruko traumatismoa, bizkarrean traumatismoa eta hankan zauri irekia zituen, pronostiko erreserbatuarekin.
 
Istripua artatzera Oronoz-Mugairiko suhiltzaileak, Erreskate Teknikoko Taldea, Oronoz-Mugairiko mediku talde bat, bizi euskarri aurreratuko anbulantzia bat, oinarrizko bizi euskarriko anbulantzia bat eta Foruzaingoaren patruilak bertaratu ziren. Bidea itxita egon zen 23:55ak arte eta Foruzaingoa arduratuko da atestatua egiteaz.
 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun