ROBER IRIGOIEN IRIARTE

«Maite dudan herriari zor diodana itzultzeko hartu nuen alkatetza»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 16a, 10:00

Herriko alkate juratua aukeratzen azken herria izan da aurten Irurita. Lehenbiziko bi batzarretan ez zen hautagairik aurkeztu, eta hirugarrenean pausoa ematea erabaki zuen Irigoienek. Iruritan sortu eta hazitako gaztea da Rober Irigoien Iriarte, «bere herria aunitz maite duena».

Nola animatu zinen herriko alkatetzara aurkeztera?

Ez da inoiz pentsatua nuen zerbait izan. Inor ez zegoen lan hori hartzeko prest, eta maite dudan herriari nolabait zor diodana itzultzeko modua dela ikusi nuen.

Gogotsu hartu duzu kargua? 

Gogotsu gogotsu... kezka eta zalantza aunitzekin. Dena berria da niretako oraindik, eta gauzak ongi egin nahiak lan handia eskatzen du. 

Zein dira zure ardurak alkate bezala? 

Herritarren nahi eta beharrak entzutea, komunikatzea, eta konpontzen saiatzea.

Erraza da aurpegia ematea? 

Ez beti, bestak eta ospakizunetan gauza ederra da, baino egunerokoan badira gustuko ez diren egoerak.

«GAUZAK ONGI EGIN NAHIAK LAN HANDIA ESKATZEN DU»

Hala ere, lantaldea duzu gibelean. Nor dituzu kargudun?

Bai, lantaldea lehenagoko alkateekin osatu nuen, Peio Obregozo, Pello Iriarte… beraiek baitakite gauzak nola egin eta bide onetik eramaten erabakiak hartzeko garaian. Horretaz gain, Sara Dorregaray, Unai Barberena, Iñigo Dendarieta eta beti laguntzeko prest egoten diren bertze hainbat herritar daude.

Zenbatero biltzen zarete eta nola banatzen dituzue lanak? 

Hasi bertzerik ez gara egin, eta momentuz beharren arabera biltzen gara eta banatzen ditugu lanak.

Erdizko meategiaren harira, azken agintaldian alkateek izandako arazoak ez zaituzte beldurtu?

Bai, baina herri batek bere betebeharrak ditu, eta beti egonen dira zailtasunak nola edo hala.

Iruritari dagokionez, zein hobekuntza egin dira azken urteetan?

Hobekuntza aunitz egin dira, nire aitzinetik egon diren alkateek lan ederra egin dutelako. Udalaren laguntzarekin beti, eta auzolanetako boluntario guziekin, herria txukundu eta bideen moldaketa lanak egin dira, komun publikoa paratu da, gisu- labeak berreskuratu dira, zubi erromatarra mantentzea lortu dute…

Eta zein behar ikusten dituzu herrian?

Oraintxe bertan, kezka handia dago Erreboteko plazan dagoen Dolantxea etxearekin, erortzeko zorian baitago. Aferak garrantzia handia du, plaza horretan laxoa jokatzen baita, eta erortzen utziz gero Iruritan laxoa galtzeko arriskua dugulakoz. Gainera, eraikinak berak dakarren arriskua dago.

Zein da zuen aurtengo helburu nagusia?

Baserrietako bideak hobetzea, eta Dolantxeari soluzio bat bilatzea.

Kulturari dagokionez, nola ikusten duzu herriko eskaintza?

Zortea daukagu Iruritan, eskaintza handia badagoelako. Herriko dantzarietatik hasi eta Gizarte Bilguneraino kultura ekitaldi anitzak ditugu. Eskerrak eman nahi dizkiet dantzariei, musikariei, laxoko jokalariei eta Pello Iriarteri.

Jauregizarrea Dorrea publikoarendako ireki duzue berriki. Zer da?

Dorrea XV. mendeko eraikin bat da. Berriki zaharberritzeko lanak egin ditugu eta orain museo batean bihurtu dugu. Bertan, bizi garaikideko altzariak zein bizimodua, herriko kultura, laxoa erakusketa eta dantzariena ere... ikus daitezke.

Inportantea da herriaren ondarea gordetzeko eta zabaltzeko leku bat izatea?

Bai, noski. Herritarren lana da gauza hauek zaintzea eta zabaltzea. 

Nola ikusten duzu Iruritaren etorkizuna? 

Etorkizun zaila ikusten dut, gure eskuetan ez dauden gauza aunitz baititugu tarteko… ikusi beharko da bai udalak bai Nafarroako Gobernuak zein bidetik eramaten gaituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun