Baztango Udalak, Tokiko Gobernu Batzordearen bidez, Oronoz-Mugairiko Zunda etxean egin nahi den proiektuaren idazketa esleitu du. Zehazki, adimen desgaitasun duten herritarrendako eguneko egoitza izanen da.
Bortz enpresari helarazi zitzaien prozeduran parte hartzeko gonbidapena, eta horietatik bik aurkeztu zuten proposamena. Doneztebeko Apezteguia Elizalde Arkiteko Mikrokooperatibak aurkeztu zuen proposamen onenan, eta bere esku gelditu da proiektuaren idazketa.
Udalak gogoratu duenez, «maiatzeko osoko bilkuran Udalbatzak proiektuaren idazketarako esleitu ahal izateko aurrekontu moldaketa onartu zuen, eta orain 23.739 eurotan (BEZ kanpo) esleitu da proiektuaren idazketa. Horietatik 18.000 euro Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen departamentuak esleitutako dirulaguntzari esker finantzatuko dira».
Aurrekontu moldaketaz gain, «zentroa egin ahal izateko eskualdeko gainerako udalekin hitzarmena egitea onartu zuen Udalbatzak maiatzeko osoko bilkuran. Izan ere, hilabeteak dira eskualdeko udaletxeak elkarlanean ari direla eguneko egoitza egiteko eta Oronoz-Mugairiko Zunda etxean egitea erabaki dute. Hitzarmenean udal bakoitzak egin beharreko ekarpena finkatu eta bakoitzaren ardurak zehaztu zituzten. Egoitza Baztanen eginen denez, Baztango Udalak eskatuko du dirulaguntza eta baita proiektua idatzi, zuzendu eta gauzatu ere».
Eguneko egoitzaren memoria teknikoa egina dago, eta honen arabera proiektu osoa 400.000 euro ingurukoa izanen da; memoria bera, idazketa, zuzendaritza eta lanak barne. Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko du, eta BEZaren zatia udalek bere gain hartuko dute.