Olatz Iturralde Arretxea

«Antolakuntzaren lekukoa hartzeko momentua ailegatu zaigu»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 8a, 08:00

Baztandarren Biltzarra elkarteak bestako antolakuntzaren ardura utziko zuela jakinarazi zuen urte hasmentan. Belaunaldi errelebo baten ezean, kolokan egon zen aurtengo ospakizuna. Baina hainbat gazte bildu dira lekukoa hartzeko, eta buru-belarri ari dira lanean 60. Baztandarren Biltzarra arrakastatsua izan dadin. Tartean dago Olatz Iturralde Arretxea (Zozaia, 2004).

Zer da zuretako Baztandarren Biltzarra?

Sentimendu haundiz bizi den besta da. Etxean betitik transmititu didate hori eta nik ere horrela bizitzen dut. Besta hunkigarria da baztandarrondako, arras egun polita.

Nola erabaki zenuen elkartean sartzea?

Egia erran, nik, bertze hainbat kiderekin batera, lehenagotik taldean sartzeko intentzioa nuen, lehenago edo beranduago lekukoa hartzeko unea ailegatuko zela ikusi genuelako. Hala ere, elkarteak antolakuntza utziko zuela errateak bulkaldi bat eman zion herriari, jendea taldean sartzeko eta hainbertze maite dugun besta hau bizirik mantentzeko balio izan duena.

«JENDE PILA BAT BILDU GARA ETA SORPRESA HAUNDIA IZAN DA»

Gazte kuadrilla ederra bildu zarete…

Bai, sorpresa haundia izan zen. Lehenbiziko bileraren aitzinetik ez genekien zenbat izanen ginen, uste genuen lau katu izanen ginela eta aurten ez zela bestarik izanen, baina jende pila bat etorri zen eta arras sorpresa ona izan zen. Orain 22 bat lagun gara taldean, 16 eta 30 urte artekoak eta Baztango herri guzietakoak.

Lehenagoko antolatzaileen laguntza ere baduzue, ezta?

Bai, hasmentatik argi utzi zuten gu izanen ginela antolatzaile nagusiak baina haiek hor egonen zirela edozertan laguntzeko. Guretako lehenbiziko aldia da besta antolatzen, eta dena ongi bideratzeko haien esku-hartzea beharrezkoa da.

Noiz hasi zineten prestaketa lanekin?

Lehenbiziko bilera urtarril inguruan egin genuen, eta komisiotan banatu ginenez, gero komisio bakoitza lehenago edo mantsoago hasi zen lanean. Tonbola komisioa, adibidez, martxoa inguruan hasi zen, baina denboraz nahiko justu ibili dira. Bertze komisio batzuk beranduago hasi gara lanean.

Zenbat komisiotan banatu duzue lana?

Bortz komisioa gara: ostatua, sukaldea, desfilea, serigrafia eta tonbola. Jende andana bagara taldean eta ongi moldatzen gara, ikaragarrizko motibazioa dugu.

Olatz Iturralde berroetarra taldean sartu da aurten.

Kanpoko laguntza ere beharrezkoa izanen duzue, ez? Herritarrak, komertzioak…

Dudarik gabe. Egun hau aitzinerat ateratzeko 20 lagunek lan egitea ez da nahikoa. Jende aunitzek bete beharreko ardurak daude; ostatuko txandak, aitzineko egunean dena muntatzea, sukaldean lan egitea… eta horretarako herritarren erantzuna beharrezkoa da.

Zertan behar izaten da laguntza gehien?

Ostatuan eta sukaldean erranen nuke; lehenagotik dena muntatzen, mahaiak paratzen, piperrak mozten… eta egunean bertan ere zerbitzatzen edo sukaldeko arduradun gisa, adibidez.

«60. URTEURRENAK PRESIO GEHIAGO DAKAR, BAINA MOTIBAZIOA ERE»

Honez gain, urte berezia izanen da aurtengoa; Baztandarren Biltzarrak 60 urte beteko ditu. Honek lan gehiago inplikatzen du?

Lana baino, presio gehiago daukagula uste dut. 60. urteurrena izanik dena borobil ateratzea nahi dugu, eta gure lehenbiziko urtea izanda, oraindik ere presio gehiago dugu. Baina motibazioa haundia ere bada.

Zer espero duzu aurtengo bestatik?

Nik espero dudana da besta aitzinerat ateratzea, herriaren aldetik erantzun ona izatea laguntzerako orduan eta egun polita izatea, inongo eraso eta zapalkuntzarik gabe.

Heldu den urtean antolakuntzan segitzeko asmoa duzue?

Bai, oraingoz bederen ez gara aspertu! Talde polita osatu dugu eta segitzeko asmoa dugu.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Jendea Baztandarren Biltzarrararen egunean Elizondora hurbiltzera animatu nahi dut, eta baita elkartean sartzera ere, azken urtean pasatutakoa berriz ere ez errepikatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun