Duela bi urte hildako Joxe Joakin Azkarate aniztarra oroitu zuten atzo arratsaldean bere familiak, lagunek eta Amaiurko Gaztelu Taldeak Elizondon. Familia eta lagunak, musika eta lorezaintza zituen zaletasun Azkaratek, eta hirurak uztartu zituzten Baztan Berri auzoko lorategian egindako omenaldian.
Juan Mari Artazkozek eta Fulgen Sutil Llonak sortutako Lorategi Auzolanean taldeko kide zen Azkarate, lorezaintza jasangarri eta soziala helburu duena. Aniztarrak urtero parte hatu zuen ekimenean, eta Artazkozen erranetan, bere kimatze metodoan sinistu zuen lehenbizikoa izan zen.
Honez gain, Elizondoko Abesbatzako tenorra izan zen urte luzez, eta Amaiurko Gaztelu Taldean abesten ere aritu zen, «bere musikaren ezagutza eta kantatzeko ilusioa partekatuz». Duela 27 urte sortu zen Gaztelu Taldea, Fernando Cortijoren zuzenpean, euskal folkloreko kanta zaharrak berreskuratzeko asmoarekin.
Lorategi Auzolanean ekimenak Baztan Berriko lorategia ongi finkatuta dagoela ikustean, Azkarateri omenaldia egitea erabaki zuen Gaztelu Taldeak, bere familia eta lagunekin batera, kanta batzuk eskainiz.