Atzo arratsaldean eskualdeko zenbait neska* gazte Baztango Gaztetxe parean bildu ziren, uztailaren 22ra begira prestatu dituzten Baztan-Bidasoko Neska* Gazteen Topaketak aurkezteko. Uztaileko laugarren larunbatean Elizondon bat egiteko deia egin diete eskualde osoko neska* gazte feministei, «bertan elkar ezagutu eta elkarrengandik ikasteko parada bikaina izanen dugulakoan».
Azaldu dutenez, «topaketak deitzearen ideia zenbait gabeziatik abiatu da, hala nola, neska* gazteontzako espazio seguruen falta, gure herrietan bizi dugun era anitzeko indarkeria, elkarren arteko ezagutza falta... Horiei erantzuna emateko lehen pausoa izateko anbizioa dute topaketek».
Egun osoko egitaraua antolatu dute hilaren 22rako, solasaldi, tailer, otordu, besta giro eta eskaintza kulturala barnebilduko dituen kartelarekin. «Giro goxo eta erosoa sortzeko helburuarekin, neska* gazteontzako sortutako espazioa izanen da, guregandik eta guretzat sortua». Egitarau osoa heldu den astean argitaratuko dute, eta otorduetarako izen-ematea ere zabalduko dute. Azkenik, gehitu dutenez, «etortzeko gogoz dagoenak, utz ditzala besapeko ileak luzatzen».