EH Bilduk azaldu duenez, «duela hilabete batzuk Magnesitas Navarras enpresak Erdizen egin nahi duen meategi proiektua Foru Intereseko deklaratzea eskatu zion Nafarroako Gobernuari. Honek eskaera onetsi zuen pasa den ekainaren 7an, argudiatuz proiektuak ekarpena egiten diela funtsezko hornigaiak edukitzeko autonomia eta segurtasunari, bat datorrela Nafarroako Gobernuaren plan eta politika publikoekin eta laguntzen duelako ingurunean biztanleria eta enplegua mantentzen, bai eta enpresa-proiektua Nafarroan bideragarria eta jarraitua izaten ere».
Honen kontra, «Erdizen Baztango bazkaleku komunal hoberena dago eta mendez-mende, hamarnaka abeltzain baztandarrek ehunka abelburu eramaten dituzte alhatzera. Meategia Erdizen kokatzen bada abeltzain horien etorkizuna airean geldituko da, eta era berean, baztandar guztiona den eremu komunala kaltetuko da, ezin baita atzendu proiektua Baztango lurretan egitea aurreikusten dela».
Gainera, «Foru Intereseko deklarazioak berarekin batera izapideen denbora tartea murriztea dakar. Baztanendako gibelerat bota ezinezkoa den eragina izan dezakeen proiektu bat izaki, dena denborarekin eta tentuz gainbegiratu beharko litzateke, eta izapideak murrizteak ez du hala izanen den bermerik ematen».
Hori kontuan hartuta, udal taldeak bi proposamen egin ditu mozioan:
- Nafarroako Gobernuak Magnesitas Navarras enpresaren Erdizko meategi proiektua Foru Intereseko deklaratzeko hartutako erabakia arbuiatzea.
- Nafarroako Gobernuari eskatzea Magnesitas Navarrasek Erdizen egin nahi duen meategi proiektua Udalez Gaindiko Eragina duen Proiektu bezala ez tramitatzea, eta proiektuaren inguruko erabakia baztandarrek hartzea, galdeketa baten bidez.