Ana Irungarai eta Beatriz Etxeberria Azpilkuetako eta Almandozko alkate izendatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 4a, 13:30

Atzoko Batzar Nagusian hainbat gai landu zituzten, tartean luberrien esleipena, sute eta erreketak, egur loteak eta alkate juratuen izendapen berriak Almandozen eta Azpilkuetan

Azpilkuetako eta Almandozko azken batzarretan herriko alkate juratuen aldaketa onartu zuten herritarrek, eta izendapen berriak berretsi zituen atzo Batzar Nagusiak. Almandozen Pello Sarratea Sanzberrok alkatetza utzi du, kargua ez baita bateragarria Baztango Independenteak taldearekin duen zinegotzi lanarekin. Bere ordez, Beatriz Etxeberria Valcarlos izanen da herriko alkate bi urte hauetarako.

Azpilkuetan, berriz, herritarren artean solastatu ondotik alkatearen kargua aldatzea erabaki dute, eta Juan Andres Azkarraga Iribarrenen lekukoa bere emazteak hartuko du; Ana Irungarai Juberak.

Honez gain, Erberea kuartelean mendi komisionatu izendatu berri dute Luis Javier Laurnagari Mihura, Garra.

Luberrien esleipena

Baztango Ordenantza, Koto eta Paramentu berrien 52. eta 53. artikuluen arabera, luberri bat esleitzerakoan eskatzaile bat baino gehiago dagoenean baremazio bat egiten da, lehentasuna erabakitzeko. Atzoko saioan, Batzar Nagusiak erabaki zuen artikulu hauetan araututako prozesua aplikatu ondotik berdinketa gertatuz gero, zozketa eginen dela luberria nori esleitu erabakitzeko. Aldeko 21 botorekin, kontrako batekin eta lau abstentziorekin onartu zuten proposamena.

Sute eta erreketak

Azken urtean Baztanen izandako sute eta erreketen berri ere eman zuten saioan. Hiru su mota izan dira: suteak, erreketa kontrolatuak eta partikularrenak.

Suteen ondorioz 435 hektarea erre dira, haien artean nabarmentzekoak dira Iñarbegiko 135 hektareak, Oizako 46 hektareak, Solarareko 32 hektareak eta Abartango 24 hektareak, bertzeak bertze.

Bertzalde, EPRIFekin erreketa antolatuak egin dira Arrantzolan, Ezkaldon, Burraetan eta Tellerian. Osotara 15,5 hektarea erre dira.

Azkenik, partikularren 68 alderditan 410 hektarea erretzeko eskaera egin dira, eta hauetatik %80 gauzatu dira.

Egur loteak

2023ko egur loteen eskaera egiteko epea zabaldu du Batzar Nagusiak. Uztaila eta abuztuan egiten ahalko dira eskaerak eta eskatzaile bakoitzak 12 euro ordaindu beharko ditu lotearen truke. Azken urteetan ohikoa den bezala, bi aukera daude: norberak bere lotea atera eta etxera garraiatzea, edo egur lotea etxean jasotzeko eskatzea. Azken aukera hautatzen dutenek 500 euro inguru ordaindu beharko dituzte, BEZa barne.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun