Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat egin dute Azpilkuetako eskolak eta Baztan Ikastolak

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 28a, 10:30

Gaur, ekainaren 28an, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta Baztango Udalak Harro Baztan taldeak deitutako elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritar guziak, Erratzuko plazan 21:00etan. Azpilkuetako herri eskolan eta Baztan Ikastolan keinua egin nahi izan diote egunari, ikastetxeak kolorez betez

Baztango Udalak adierazi duenez, «martxoaren 31 Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna da, apirilaren 26a Ikusgarritasun Lesbikoaren Nazioarteko Eguna, maiatzaren 17a LGTBI+fobiaren kontrako Nazioarteko Eguna, eta ekainaren 28a Harrotasunaren Nazioarteko Eguna edo Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna. Eta bada zer aldarrikatu, zer borrokatu eta zer ospatu».

Gainera, «hondar urteetan gorroto diskurtso LGTBI+fobikoak modu arriskutsuan naturalizatu dira, erasoek goiti egin duten moduan». Hortaz, «herritar guziekin batera sexu joera ororekiko errespetua aldarrikatzea arras garrantzitsua da, baita haur eta nerabeekin ere. Baztandar jendartea askotarikoa da eremu aunitzetan, eta aniztasun hori onartzea LGTBI+ pertsonen eskubideak defendatzea da: sexu orientazioan, genero adierazpenean eta sexu edo genero identitatean oinarritutako desberdinkerien kontra lan egitera bulkatuz. Baztango Udalak ere LGTBI+ pertsonenganako eta genero-aniztasun eta aniztasun afektibo-sexualarekiko gorroto, errepresio edo indarkeria adierazpenak desagerrarazteko konpromisoa du».

Hori dela eta, hainbat ekintza antolatu dituzte azken hilabeteetan: Zinegoak film laburren proiekzioa, Naizen haur eta nerabe transexualen familien solasaldia eta formakuntza saioa, eta guraso elkarteekin eta eskolekin batera ikastetxeetako hainbat elementu margotzeko ekintzak. Horren adibide dira Azpilkuetako Eskola, Baztan Ikastola eta Lekarozko institutua. «Alaitasun eta gogoz egin dute LGTBI+ kolektiboaren ikusgarritasuna, errespetua, berdintasuna eta eskubideen aldarrikapena».

Hala ere, «bizikidetza giroa lortzeko lanean segitu behar dugu, izan ere, Lekarozko institutuan LGTBI+ koloredun sinbolo bati eraso egin zioten. Kolektiboaren banderaren koloreekin margotu ziren futbol zelaiko ateak beltzez margotuta agertu ziren. LGTBI+ pertsonen eskubideen urraketa larria eta kolektibo osoaren aurkako eraso bat da. Gorroto-mezu bat zabaltzen du garrantzi handiko mezu sinbolikoaren kontra, kolektibo osoari eta gizarte osoari zuzentzen zaiona».

Honengatik, «Baztanen ez dela inoren aurkako erasorik onartzen» aldarrikatu dute, «ez arraza, jatorri, erlijio, ezta genero adierazpen edo orientazioen kontra ere». Harro Baztan taldeak gaur Erratzuko plazan 21:00etan deitu duen elkarretaratzean parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun