Bestak 2023

Baztango Udala herrietako Besta Komisioekin bildu da besta jasangarri, euskaldun eta indarkeria sexistarik gabekoen alde

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 27a, 19:00

Herrietako batzordeekin eta Baztandarren Biltzarra elkartearekin bildu da udala eta bestak garbi, euskaraz eta seguru izateko baliabideak eskaini dizkie

Udan Baztango herrietako bestak ospatzen direnez, udalak hainbat bilkura egin ditu Besta Komisioetako ordezkariekin. Bertzeak bertze, euskara, jasangarritasuna, genero rol eta estereotipoak eta indarkeria sexista landu dituzte. Berdintasun Zerbitzuak azaldu duenez, «arras garrantzitsua da bestak antolatzen dabiltzanak kontziente izatea bestetan ere indarkeria sexistarik gabeko gune seguruak behar ditugula; euskaraz solas egitea eta musika ere euskaraz aditzea beharrezkoa dela; eta ahalik eta besta jasangarrienak izatea ere beharrezkoa dela».

Hau ardatz hartuta, herrietako 12 batzorderekin bildu dira: Berroeta, Arizkun, Erratzu, Azpilkueta, Elizondo, Amaiur, Arraioz, Elbete, Aniz, Gartzain, Lekaroz eta Oronoz. Baztandarren Biltzarra elkarteak ere bilkuretan parte hartu du. Aipatutako gaien inguruan irizpideak finkatu zituzten, baita baliabideak eskaini ere.

Bestak garbi, euskaraz eta gune seguruetan

Hasteko, hondakin gutiago sortzeaz eta sortzen direnak behar bezala kudeatzeko beharraz eta aukerez aritu ziren. Horretarako, udalak herritarren eskura paratutako baliabideak eskaini zizkieten antolatzaileei.

Bigarren, besta euskaldunak bulkatze aldera, kartelak, kontzertuak eta txosna eta tabernetako musika euskaraz izateko eskaera egin dute. Horretarako zenbait musika zerrenda eskaini dizkiete antolatzaileei, eta musika ez sexista erabiltzearen garrantzia ere azpimarratu dute. Gainera, sexu osasuntsua sustatzeko asmoarekin txosnetan banatzeko kondoiak eskaini dira.

Azkenik, gogoratu dute «era batean edo bertzean guztiok matxistak garela eta patriarkatua erreproduzitzen dugula konturatu gabe. Jokabide hori gertatzen dela kontziente izan behar dugu eta aldatzeko ahalegina egin. Indarkeria sexistarik gabeko eta jokabide matxistak errepikatzen eta betikotzen ez dituen bestak aldarrikatuko ditugu». Horretarako hainbat baliabide eskaini dizkiete: kartelak eta pegatinak, indarkeria kasuak artatzeko protokoloaren inguruko materiala, eta erasoren bat gertatuz gero baliabideen zerrenda».

Baztango Udalak eskerrak eman dizkie bileretan parte hartu duten herritarrei, eta baita Baztan Iñarrosi eta Amaiur, Oronoz eta Erratzuko neska taldeei ere, «haien esperientziak partekatzeagatik eta dauzkaten ezagutzak eta baliabideak herriei eskaintzeagatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun