Zaharberritze lanetan aritu ondotik, Iruritako Herriak Jauregizarrea Dorrearen aurkezpena egin zuen ekainaren 23an. Ortzirale arratsaldeko ekitaldian parte hartu zuten Elizondoko Koro Ttikiak eta Iruritako Fanfarreak eta Fernando Anbustegi Baztango alkatea ere bertan izan zen. Aurkezpenaren ondotik bisita gidatua egin zuten eta ikus-entzunezkoak izan zituzten. Herriko eta inguruko hainbat kontu bildu zuten bertan: Baztango paisaia kulturala eta ondare arkitektonikoa, Don Jesus apez pilotazalearen argazkiak, Iruritako Dantzariak, laxoari buruzko erakusketa… Ekitaldia akituta, suak egin zituzten Perotxenaren zelaian.
Uztailaren 5etik irailaren 17ra zabalik
Joan den ortziraleko inaugurazio ekitaldiaren ondotik, uztailaren 5etik irailaren 17ra arte Dorrea zabalik egonen da, eta bisita gidatuak eta bertako produktuen dastaketak eginen dituzte. Asteazkenetik ortziralera irekiko dute, 11:00etatik 13:00etara goizez eta 17:00etatik 19:00etara arratsaldez.
Historia
Dorrea (Jauregizarrea) Baztango jauregi zaharrena da, bertan Baztango jauntxoa eta Jauregizar familia bizi izan ziren. Kontutan izanda Baztango historian eta arkitekturan daukan garrantzia, bailarako historia, natura, kultura eta ondare etnografikoa ikertzeko, gordetzeko eta ezagutarazteko leku aproposa bihurtu da.